Zuretzako Mezua

Jamaika Gasteizera ekarriko dute Trikomak, Beñaranksek eta Euskal Herri osoko selektoreek

Mikel Buruaga 2022ko martxoaren 3a

Trikoma Bandak 'Zuretzako Mezua' bere azken singlea aurkeztuko du Gaztetxean. / ALEA

Zuretzako Mezua reggae kolektiboak egun osoko jaialdia antolatu du larunbaterako, martxoaren 5erako, Gasteizen: pintxadak, herri bazkaria, Pantx Recordsen azken nobedadeen aurkezpena eta Trikoma eta Beñaranksen kontzertuak.

2018an sortu zen Zuretzako Mezua, Gasteizen, musika jamaikarraren maitaleak bildu eta kultura reggaezalea lau haizetara zabaltzeko. "Azken bi urteetako pandemiaren ostean, bada garaia bozgorailuak eta kaleak berpizteko", ospatu dute. Horregatik, martxoaren 5ean Zuretzako Mezua vol. XIII jaialdia antolatu dute, Shin Chanen abenturak eta skinhead mugimendua uztartzen dituen kartel batekin, "Ultraheroia bera boteretik kendu eta Hiroshi bat eginda etxeratzeko".

Jardunaldia 12:00etan hasiko da Kutxi kaleko Elizondo tabernan, non Zuretzako Mezuako selektore batzuek bermuta atseginagoa egingo duten.

14:00etan, prozesioan jaitsiko dira Hala Bedi Tabernara, bertan babarrunada bat egiteko; bazkarirako txartelak, 7 eurotan salgai daude Hala Bedi Tabernan bertan, ostegun iluntzera arte. Ondoren, bazkalondoa girotuko dute Cervus eta Ribera Kids selektore nafarrek, musika aukeraketa bikain batekin.

Bazkari eta bazkaloste eder baten ondoren, Gaztetxera mugituko dira, 19:00etan Bilbo Handitik iritsitako Pantx Recordseko lagunei ongi etorria emateko. Eta bertan aurkeztuko dituzte zigiluaren azken nobedadeak: Askatasuna kontu serioa da liburua (Linton Kwesi Johnsonen ibilbide poetiko eta musikala laburbiltzen dituzten 43 poema biltzen dituena), Reggaean Jarrai diskoa (Euskal Herriko 14 taldek sortutako euskarazko reggae bilduma) eta Maeztuko Trikoma Bandaren single berria (Zuretzako Mezua, izen bereko kolektiboari eskainitakoa).

 

Giroarekin jarraitzeko, 20:00etan, Beñaranks rap eta reggae abeslari donostiarrak bere abestietako batzuk kantatuko ditu, Badet / Aberatsa edo txiroa 12 hazbeteko binilo berria aurkeztuz; 200 unitateko edizio mugatuko aleak eskuratu ahal izango dira. Azkenik, harrera egingo zaie Arabako Mendialdeko handienei: Trikoma Bandarekin Zuretzako Mezua ereserkia abestu ahal izango da Gasteizen lehen aldiz, hamarkada bateko ibilbidean zehar sortu dituzten beste kanta askoren artean. Kontzertuetarako sarrerak 5 eurotan salgai daude Hala Bedi Tabernan eta Old Tower Stuff disko dendan, baina egunean bertan Gaztetxean eskuratu ahal izango dira ere.

Kontzertuen ostean, Pantx Records, Zuretzako Mezua eta Trikoma taldeko hainbat selektore arduratuko dira "Lehendakaria bera ere dantzan jarriko duen jardunaldiari" amaiera emateaz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago