Ia urtebete igaro da EH Bilduk URSSAren lursailean "pelotazo" urbanistiko bat salatu zuenetik. Orain, lursail horretarako aurreikusitako hirigintza operazioaren dokumentazioa eskuratu eta "iragarpen txarrenak" berresten dituela ohartarazi du EH Bilduk: "Operazioaren helburua gehienak libreak diren 500 etxebizitza berri eraikitzea da".
1976an sinatutako hitzarmen baten arabera, URSSAk Jauregilandako lantegia utzi behar zuen, baina lau hamarkadaren ostean ez du lekualdaketa hori gauzatu. Orain, lursail hori "banku erakunde talde batekin duen zorra ordaintzea helburu duen eragiketa baten xede da", EH Bilduren ustez.
"Banku horiek lursailaren birkalifikazioa eskatu dute, gaur egun hartzekodunen konkurtsoan dagoen enpresari finantziazioa ez mozteko baldintza gisa: xantaia egitea", salatu du EH Bilduk.
"Baieztatutako hirigintza operazio berri hori gasolindegi berri baten eraikuntzaren aurrean Adurtzako bizilagunak mobilizatuta dauden unean iritsi da, gasolindegiak are gehiago larriagotuko dituelako auzoko trafiko arazoak. 500 etxebizitza berri URSSAn eta beste 350 gehiago Olarizun, inguruko trafikoaren kolapsoan beste urrats bat dira", azpimarratu du Felix Gonzalez Gasteizko Udaleko EH Bilduren bozeramaileak.
HAPO berriaren oinarriei "traizioa"
EH Bilduk gogorarazi duenez, URSSAren lursaila Olarizu auzoaren parean dago, hau da, Eraztun Berdearen ondoan: "Urteetan zehar, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenaren aurrerapenean, lursail horien berreskurapena ekipamendu edo hirugarren sektoreko erabilera posiblearekin lotuta agertu zen, betiere ingurunearekiko errespetuzko erabilerarekin".
"Inoiz ez zen etxebizitza eraikitzeko aukera aztertu. Ez du auzoaren, hegoaldearen edo Gasteizko beste ezein punturen inolako premiarik, etxebizitza sobera baitago aurreikusita. Era berean, ez du konpontzen udalerriak duen etxebizitza arazo nagusia: alokairuko etxebizitza eskuragarririk eza", gaineratu dute.
Hortaz, eremu horretan etxebizitza gehiago eraikitzeko bidea irekitzeak HAPO berriaren diagnostikoaren oinarriei "traizio egitea" dakarrela eta "zentzugabekeria" dela uste du talde subiranistak.
Lau hamarkada lekualdatzearen zain
1976an, Udal Batzorde Iraunkorrak —gaur egungo Tokiko Gobernu Batzarraren baliokidea— akordio bat lortu zuen URSSA enpresarekin eta Gasteizko Udal Aurrezki Kutxarekin. Akordio horren arabera, URSSAk Adurtzatik Jundizko lursail batera lekualdatu behar zuen, gehienez ere hamar urteko epean. Orduz geroztik, udal gobernu bakar batek ere ez du akordioa betearazi.
Lau hamarkada beranduago, 2018an, URSSAri Jundizko lursaila behin betiko esleitzea erabaki zuen Urtaranen gobernuak, horretarako Adurtzan okupatzen dituen lursailak uzteko baldintza jarri gabe. Tokiko Gobernu Batzarrak betetzat jo zuen jatorrizko akordioa. Ondorioz, milioi eta erdi euro ordaindu zituen URSSAk, baina uko egin zion lekualdatzeari.