30 urtera begirako hirigintza eredua birdefinitu nahi du Gasteizko Udalak, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko lehen zirriborroa aurkeztu zuen apirilean. EH Bilduk "pelotazo urbanistiko" bezala definitu du Udalaren proiektuetako bat; izan ere, HAPOren aldaketa baliatuko luke gaur egun hartzekodunen konkurtsoan dagoen URSSA enpresaren orube bat birkalifikatzeko eta bertan etxebizitzak eraiki ahal izateko.
EH Bilduko udal taldeko bozeramaile Felix Gonzalezek gogorarazi du 40 urtez behartuta zegoen lekualdaketa bat ez egiteko baimena eman zaiola URSSAri, eta, geroago, bi orubeen inguruko jabetza osoa aitortu zaiola. "Orain, bankuek sekulako negozioa egin ahal izango dute orube horretan; hau da, EAJ banketxeetara bidaltzen ari den mezua argia da: urrezko meategi baten gainean zaudete", kritikatu du.
Lau hamarkada lekualdatzearen zain
1976an, Udal Batzorde Iraunkorrak —gaur egungo Tokiko Gobernu Batzarraren baliokidea— akordio bat lortu zuen URSSA enpresarekin eta Gasteizko Udal Aurrezki Kutxarekin. Akordio horren arabera, URSSA enpresak Adurtzatik Jundizko lursail batera lekualdatu behar zuen, gehienez ere hamar urteko epean. EH Bilduk salatu duenez, ordutik ez da akordioa betearazi duen udal gobernurik.
Lau hamarkada beranduago, 2018an, URSSAri Jundizko lursaila behin betiko esleitzea erabaki zuen Urtaranen gobernuak, horretarako Adurtzan okupatzen dituen lursailak uzteko baldintza jarri gabe. Tokiko Gobernu Batzarrak betetzat jo zuen jatorrizko akordioa. Ondorioz, milioi eta erdi euro jaso zituen, baina uko egin zion lekualdatzeari.
Orduan, EH Bilduk aldarrikatu zuen "ezin zitzaiola uko egin 40 urte lehenago inguruarentzat desegokitzat jotzen zen jarduera hori lekualdatzeari", eta ebazpena berraztertzeko errekurtsoa jarri zuen; ez zuen aurrera egin.
Birkalifikazioa
HAPOren oinarrien eztabaidaren atarian elementu hori sartzea "eskandalagarria" deritzo EH Bilduk: "Ez die inola ere erantzuten ez auzoaren beharrei, ez HAPOren aurrerapenak planteatzen zituen helburuei".
Udal talde subiranistaren ustez, "helburu bakarra orubearen azken jabeek, bankuek, dirutza irabaztea da; beste era batera esanda, lasai egoteko mezua helarazi zaie bankuei, eta orain etxebizitzak eraiki eta saldu ahal izango dituzte ia baliorik ez duen eta plangintzarekin bat ez datorren orube batean".
Gaur egun, URSSA enpresaren industria orubearen balioa oso baxua da. "Ez dago plangintzaren barruan, ez da erakargarria industria erabilerarako eta, gainera, deskontaminatu egin behar da", azaldu du Gonzalezek. "Bankuak beti egon dira birkalifikatzeko eskaera horren atzetik; are gehiago, une batean, enpresari diru gehiago emateko baldintzatzat jarri zen birkalifikazio hori lortzea, eta horrek enpresari eta hiriari xantaia egitea da".
"Lotsagarria da", deitoratu du Gonzalezek, eta ohartarazi du EH Bilduk ez duela baldintza horietan orubearen birkalifikazioa babestuko.