Martxoan itzuliko dira Parraleko astearteak, Konpost, Lepora eta Marmoka taldeekin

Erredakzioa 2022ko otsailaren 23a

Martxoaren 15ean Konpost taldearen kontzertua izango da Parralen. / KONPOST

Konpost, Marmoka eta Lepora taldeak arituko dira Parral tabernako martxoko astearteetan, martxoaren 15ean, 22an eta 29an, 20:30etik aurrera.

Azkenik, badirudi pandemia eta, batez ere, neurri murriztaile gogorrenak atzean uzten goazela. Horrekin batera doan berpizkunde kulturalaren hitzordu garrantzitsu bat, Gasteizen behintzat, Parraleko astearteak dira. Azken hilabeteetan zenbait kontzertu antolatu ditu San Frantzisko Xabier kantoiko tabernak, baina martxokoa behin-betiko itzulera izan daiteke.

Martxoak 15 | KONPOST

Martxoaren 15ean Konpost taldearen txanda izango da. Laukote honek 2021eko martxo konfinatuan kaleratu zuen lehen diskoa, baina lehenago Parralen aurkeztu zituzten kantak. Ordurako ere makina bat taulatan aritutakoak ziren taldekideak: Hertzainak, RIP, Stockholm S... Urte batzuk pasa dira kontzertu hartatik, eta tartean formatu akustikora eraman dituzte diskoko kantuak, baita beste berriago batzuk ere. Rock kutsuz egindako abestiak dira, jantzi akustikoz. Horixe bera eramango dute eurek ere hain maite duten astearteetako plazara.

 

Martxoak 22 | LEPORA

Ondoren, martxoaren 22an, Lepora taldea igoko da Parraleko oholtzara. Gasteiztarrek 2020an argitaratu zuten lehen lana —Lepora, Bonberenea Ekintzak—, Karlos Osinagarekin grabatu eta nahastua Tolosako Bonberenea estudioan. Taldekideak hainbat taldetan arituak dira —Same Old, Eh!, Libe, Bronze, Tutan Come On, Iont, Kashbad, Trumbo…—. Soinu gordin eta latza dute; bateria eta baxu oinarri sendoa, oldarkorra; kitarra delirante eta ebakikorrak; eta ahots-melodien erregistro zabal eta bortitza, errealitate lazgarriari itsatsitako hitzekin. 

 

Martxoak 29 | MARMOKA

Martxoko azken kontzertua hilaren 29an eskainiko du Marmoka taldeak. 2014. urtean sortutako Bidasoaldeko rock pop punk taldea dira. Euskaraz transmititzen dituzte beren mezuak, musikaz baliatuz eta askotariko gaiak baina egunerokotasunean oinarritzen direnak jorratuz. Rocka, zuzena, gardena, eta, marmoken eran, ozeano eta itsaso zabalean nahieran azaltzen dira. Eta beraiekin kontu, astiro doaz, ez ikutu, bestela zazt, gero damutu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago