Konpost

"Dena 'post' den garai hauetan, izen perfektua da Konpost"

Mikel Buruaga 2021ko mar. 5a, 21:00

Ostiral honetan bere estreinuzko diskoa aurkeztu du Konpost taldeak, Zuloa liburu-dendan. Bertan, proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte, eta, gainera, bi kanta aurreratu dituzte akustikoan: Gu bai, gu ez eta Karan karan karan.

Beheko testuaren egilea: Luar

Neuk ikusi nituen gerora konpost izango ziren Txerra, Bingen, Jon eta Ruben, ustekabean nola elkartu ziren: punkak, drogek, botikek, militantziak eta euskal gatazkak erretako hainbat bizitza lurrundu eta gero. Horregatik, edo horren kontra, joandako bizitza haien soinu-bandaren nostalgia atzean utzi zuten, azken dantza berri bat jotzeko. Esnatu ziren goiz hartan, ordea, dena zen ezberdin, dena post: lehengo harriak urtsu zeuden, doinuak, kalea, hedabideak, dena aldatuta. Kontzertuetan, dinosaurioak. Internet killed the rockstar.

Zorionez, Gasteizek jarraitzen zuen kale izaten, eta Hala Bedi, Gaztetxea eta Martxoaren 3az gain, auzolana frontoia, Errekaleor, Arkillos, Sumendi, Gora Gasteiz, Feministok Prest eta Talka batu ziren festara. Bazegoen kantatzeko bizipoza. Esango nuke zerbaitek elkartu bazituen konpost-gaiak, mugimendu horien musikak elkartu zituela.

Elkarrekin ondo moldatu, eta jotzeko zeukaten gogoak beren oihartzun musikal ezberdinak azkar gainditzera eraman zituen: Txerra bere buruarekin harritzen zen batzuetan hain azkarrak ez ziren kantuak irribarretsu joaz; Bingenek musika sena eta biolin baxua erantsi zizkion rock taldeari; Jonek sormenari emanda kantuak ezberdin jotzen zituen aldiro; Rubenek deskubritu zuen ahotsak ditzakeen adierazpideak egunero margotzen den paisaia bat direla. O!

Eta horrela, berehala hasi ziren kantuak sortzen lokalean, gehienetan jo eta RAM memoriaren zulo amnesikoetan galtzen zirenak. Baina lortu zuten errepertorio bat osatzea eta 2018ko Alde Zaharreko Zaharraz Harro festetan, ekainaren 26arekin, eman zuten lehen kontzertua, Parral tabernan. Geroztik, hainbat kontzertu izan dira, baita isiluneak ere: bizitzaren gorabeherak. Eta diskoa 2019ko irailean grabatzen hastetik, 2021eko martxoraino atzeratu da.

Diskoak badu iraganaren kadentzia blueseroa, Shoot eta Almeria kantetan; distopiaren eromena Altzürükü, Espuela eta Zurrunbiloan zamalka-n; maitasuna eta sexua Gu eta Karan, karan, karan-en; festa eta mundu grisaren kontrako aldarria Astelehena eta Gasteiz rules-en; eta egurra mundu hetero-kristauaren kontrako Emak bakia-n.

Joseba B. Lenoir-ek ekoitzi du diskoa: lana latz egin du, eta emaitza ederra izan da. Gertu-gertu izan dutelako -eta beragan sinesten dutelako- Erraiarekin argitaratu dute; eta azalez hain ederra izatea Albaro Anta Zirriborro-ri zor diote.

Zuzenekoetan egongo garete.


Lokalean, etxe konfinatuetan eta Gakobeltz estudio zaharrean grabatua 2019ko irailean hasi, 2020ko otsailetik apirilera segi, eta uztailean amaitu.

Grabaketa: Joseba B. Lenoir
Ekoizpena: Konpost eta Joseba B. Lenoir
Masterra: Mamian, Jonan Ordorika

Konpostaren edukiontzian:
Ruben: Ahots nagusia eta perkusioak
Jon: Gitarrak, mandolina, perkusioak eta ahotsak.
Bingen: 7 sokako biolina
Txerra: Bateria eta ahotsak

Guest Starring:
Joseba B.Lenoir: Ahotsak, teklatuak eta baxua
Musika: Konpost
Letrak: Ruben

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide