Iturritxuko gasolindegiaren aurkako alegazio guztiak atzera bota ditu Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2022ko otsailaren 22a

Iturritxuko gasolindegiaren aurkako mobilizazioa, ostiralean. / Argazkia: @OlarizukoGM

Jauregilanda eta Iturritxu kaleen artean jarri nahi duten gasolindegiaren aurka Gasteiz hegoaldeko bizilagunek aurkeztutako 344 alegazioak atzera bota ditu Udalak, proiektuari argi berdea emanez.

Egungo hirigintza araudia betetzen duela iritzita, Gasteizko Udaleko Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailak uko egin die Iturritxuko gasolindegiaren aurka bizilagunek aurkeztutako 300 alegazio baino gehiagori. "Kontua ez da proiektua gustatzea edo ez gustatzea. Betetzen duen ala ez da", argudiatu du Ana Oregi zinegotziak.

Orain, neurri zuzentzaileen txosten bat izapidetu beharko du Eusko Jaurlaritzak, obra lizentzia eman aurretik; Gasteizko Udalak dagoeneko eskatu du. Horrekin batera, Amvisak beste txosten bat egin beharko du.

"Gure osasuna eta segurtasuna jokoan"

Joan den ostiralean, proiektuaren aurkako paseo erreibindikatzailea egin zuten ehunka lagunek inguruko kaleetatik. Jauregilanda eta Iturritxu kaleen artean, Lidl supermerkatuaren parean, eraiki nahi duten proiektuak hirigintza araudia bere alde duen arren, auzokideen oposizio gogorra du aurrean; eta, antza denez, izaten jarraituko du.

"Zergatik geldiarazi dituzte lizentziak legea betetzen zuten Armentiako lursailetan eta ez dute gauza bera egiten Jauregilandan?", galdegin du Iturritxun 3 Ez plataformak. "Ostiralean argi utzi genuen. Auzoan eman nahi den azken egitasmo espekulatzailea ez dugu onartuko. Erasoen gainetik auzoa bizirik eta erantzuteko prest! Gure osasuna eta segurtasuna jokoan daudelako, gasolindegiari ez", gaineratu du Olarizuko Gazte Mugimenduak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago