Gasteizko Iturritxu kalean gasolindegi bat jartzeko proiektuaren aurkako paseo aldarrikatzailea egin dute gaur inguruetako bizilagunek.
Arratsaldeko bostak pasata atera dira supermerkatu ezagun baten aparkalekutik, "osasunagatik eta segurtasunagatik" bertan gasolindegia ez dutela nahi aldarrikatzeko.
Adurtzako eta Goikolarrako auzo elkarteek, Adurtzako Gazte Asanbladak, Adurtza ikastolako guraso elkarteak eta Iturritxun3ez plataformak deituta, hirurehun bat lagunek parte hartu dute mobilizazioan, antolatzaileen esanetan.
Plataformako kide Nerea Gallastegiren hitzetan, udalari gogorarazi nahi izan diote gasolindegi hori ez dela beharrezkoa, inguruetan beste lau gasolindegi badaudelako. "Ez dugu nahi eskolen eta haurreskolaren ondoan egotea, etxeetatik hain gertu, eta Olarizuko parketik eta eraztun berdetik hain gertu", berretsi du. "Uste dugu pertsonen osasuna eta segurtasuna interes ekonomikoen gainetik egon behar direla".
Gogora ekarri du udala hirigintza plana berrikusten ari dela orain, eta arazoa aintzat hartzeko eskatu dio. "Aurkeztu genuen alegazioaren erantzunaren zain gaude orain", azaldu du Gallastegik. Martxoaren hasieran egingo den Auzogunera gaia eramango dutela aurreratu du plataformako kideak.