Eusko Alkartasunaren Arabako koordinatzailea den Iratxe Lopez de Aberasturiri (Gasteiz, 1974) alderdiko afiliazioa eten diote datozen lau urteetarako. Kongresua izango du EAk hilaren 19an eta 20an, Gasteizen, eta otsailaren 21etik aurrera etengo diotenez afiliazioa kongresuan parte hartu ahal izango du.
Lau urterako kide izateko eskubidea eten dizu EAk. Zer urrats egingo dituzue Kongresura begira?
Bere egunean hamazazpi urte eskatu zizkidaten niri, Maiorga Ramirezi hamabi, eta lau urtetan gelditu da. Sorpresa ez da izan.
Aurreikusita zenuten?
Bai. Guk dagoeneko den-dena aurreikusita dugu. Pasa den ostiralean alegazio guztiak erregistratuta geneuzkan, 180 orri erregistratu nituen, probekin, alegazioekin. Baina exekutiban erabaki zuten ez zituztela alegazioak irakurriko. Hori da egoera.
Kongresura aurkezteak zentzua du?
Haiek esaten dutena da "aurkeztu zaitezte eta irabazten baldin baduzue buelta emango diozue". Buelta eman ahal baldin badiogu, horrek esan nahi du nolabait oraingoa erabaki politikoa izan dela. Guk izugarrizko arau-hausteak egin baldin baditugu, nahiz eta irabazi, nahiz batzuk edo besteak egon Idazkaritza Nagusian, berdin izan beharko litzateke; beraz, argi dago erabaki politikoa izan dela Kongresua baldintzatzeko. Afiliazioak nahiko balu guk aurkeztea 24 orduko kontua litzateke.
"Ez dut pentsatu nahi gaurko zuzendaritzak ez duela eztabaida garbi bat nahi"
Beraz, aurkeztuko zarete?
Une honetan nahi duguna da Kongresuak berme batzuk izatea. Hiru egunetara gaude eta Eba Blancoren taldeak publiko egin duen konpromisarioen zenbatekoak ez du afiliatuen zenbatekoarekin bat egiten. Hori ez da datu bat eman behar dena kongresuaren bezperan, justu kongresua deitzen denean eman beharko litzateke, uztailaren 14an hain zuzen, eta ez da eman.
Kongresua telematikoa izango dela ere salatu duzue.
Gaurko osasun egoerarekin kongresua presentzialki egiteko trabarik ez dago, baina soilik 20an izango da presentziala, eta botazioa telematikoa izango da. Jende guztiak ez du ezagutza informatiko nahikoa, beraz, idazki ofiziala erregistratu dugu ehun bat konpromisariok kongresua presentziala izatea eskatuz, eztabaida behar den sakontasunez eta bermeekin egiteko. Bestalde, Batzar Nazionalak bere egunean erabaki zuen kongresua bi asteburutan egingo zela, baina asteburu bat desagertu egin da eta ez dakigu zergatik…
Nola irudikatzen duzu otsailaren 21a?
Gure indar guztiak jarrita daude aste honetan, berme guztiak lortzeko ahalegin horretan, izan ere, kongresuan erabakitzen dira gauzarik garrantzitsuenak.
Ponentzia politikoa, besteak beste.
2017ko azkenengo kongresuan, ponentzia politikoa %80ko babesarekin atera zen, baina ponentzia politiko hori bertan behera geratu da, zuzendaritzak egin duena izan delako hain justu ponentzia horretan jasotakoaren kontra egitea. Koalizioaren inguruan hitz egiten zen, bozeramailetza koralak jaso ziren…
Estatutuak ere adostuko dira, eta horren baitan primarioak.
Aurreko primarioak gaizki egin zirela salatu genuen, eta iragan uztailean Audientzia Probintzialak arrazoia eman zigun; eta Eba Blancok eta konpainiak Auzitegi Gorenera jo zuten. Horren erabakiaren zain gaude, baina luze joko du auziak, oraindik tramitera ere ez baita onartu. Gorenak esan dezake primario horiek balio dutela edo errepikatu behar direla. Bada, aldi berean, kongresuan, estatutuak aldatu nahi dituzte eta primarioak bertan behera utzi. Gainera zuzeneko bozka guztiak –afiliatu bat boto bat sistema– kentzen dituzte. Beraz, nirea bezala, herrialdeko koordinatzailearen kargua ez lukete afiliatuek aukeratuko baizik eta Kongresu Nazionalean, eta hor bakarrik ordezkariak daude.
Gauzak horrela, alderdiaren barruan soluzio bat aurkitzeko modua ikusten duzu?
Ez, ziur aski ez, gauzak okertu direlako, baina soluzioak aurkitzeko modua beti egon behar da. Izan ere, ezberdintasunak aspalditik datoz eta 2017ko kongresuan kapazak izan ginen akordio politiko bat lortzeko. Zerrenda biak bertan behera uztea eskatu genuen eta talde bateratu bat aukeratzea. Ez zuten nahi izan, are gehiago, hilabete batera jarraipen mahai bat martxan jarri nahi izan genuen akordio politiko horren gainean egoteko, eta ez zuten nahi izan. Gauzak asko okertu dira eta primarioekin are okerrago.
Nora joan nahi du, zure ustetan, gaurko zuzendaritzak?
Egungo zuzendaritza ponentzia politikoaren kontra joan da eta pausu guztiak eman ditu afiliazioarekin kontatu gabe. Kontuan izan, adibide moduan, bere egunean, 2017ko kongresuaren aurretik, Baluarten lau alderdien artean sinatutako dokumentu hura ez zela ezta Batzorde Nazionaletik pasatu ere. Argi daukagu EH Bildun urtzera eraman dutela EA, eta guk, ordea, uste dugu indar askoz gehiago daukagula hori baino. Kontua ez da bakarrik aurpegi batzuk jartzea edo zenbaki batzuk, gure ideologia ere mahai gainean jartzea nahi dugu, eta sozialdemokrazia indartzea, eta uste dugu eragina izan dezakegula EH Bildu anitz horretan.
Eroso zaudete EH Bildun?
2011n egindako apustua oso argia izan zen. Gure ilegalizazioa ere mahai gainean egon arren, apustua zintzotasunez eta bihotzez egin genuen, eta ideologikoki ere egin genuen. Egia da EH Bilduk aldaketa izugarriak izan dituela eta EAko afiliazioak ez dituela babestu inolaz ere aldaketa horiek, eta ondoren alderdiak ez du EH Bildun eman den aldaketa hori partekatu. Guretzat inportantea da gure ideologia ere ikusaraztea; gertatu daiteke ongi etorriekin edo "gaitzespena" hitzarekin. Uste dugu EH Bildurentzat ona izango litzatekeela hori eta lortuko genukeela gizartean aurrera joatea. Oso identifikatuta ikusten dugu EH Bildu Ezker Abertzalearekin, eta uste dugu ez duela horrela izan behar.
EAk askoz ekarpen handiagoa egin dezakeela uste duzu?
Bai. Zuzendaritzak momentu batean erabaki du joera nagusiari jarraitzea.
Ezinegon handia dago Arabako militanteen artean?
Militantzia oso haserre dago egoerarekin, baina baita oso animoso ere. Afiliatuak gara, baina koordinatzaileak ere eta aukeratuak izan ginen afiliatuen partetik. Alderdiarentzat duintasuna berreskuratzeko gogoa dago.
EAko zuzendaritzak hartu duen erabakiak Gasteizko Udalean, zure zinegotzi jardunean, eragina izan dezake?
EH Bilduko zinegotzia naiz. Ni eta nire korrontean gaudenok kuotak ezartzearen aldekoak ginen, uste dugulako EAko gizon-emakumeok gure ekarpen politikoa egitea ona dela EH Bildurentzat. Egia da ez dagoela EAko zinegotzi bat, izan ere EH Bilduko afiliazioak hautatu ninduen; eta nire alderdiko ardurak ez dute talka egiten udal taldean egiten dudan lanarekin. Gauza batzuk aldatzea gustatuko litzaidake, baina hori lanean egiten da.
EAtik kanpo beste alderdi bat sortzeko asmoa duzue?
EAko afiliazioak erabakitzen duena aurrera ateratzea nahi dugu, eta hori izan beharko litzateke guztion helburua. 2017an afiliazioak oso argi hitz egin zuen eta zoritxarrez ez da bete, eta ziur gaude joko arau garbi batzuekin berdina esango duela.
Eta bermerik ez badago?
Ez nuke eszenatoki hori aurreratu nahi, ezin dut ulertu eta ez dut pentsatu nahi gaurko zuzendaritzak, egin duen ibilbidea ikusita ere, ez duela eztabaida garbi bat mahai gainean jarri nahi. Horrek guzti hau luzatu besterik ez luke egingo.