Vital Fundazioak antolatutako Euskal Zinemaren Astea hilaren 21ean itzuliko da, eta 2021ean ekoitzitako film onenak eskainiko ditu sei egunez.
Goya Sarietan 14 izendapen eta hiru sari —tartean, Maria Cerezuela gasteiztarrarena aktore berri onenari— lortu dituen Maixabel filmarekin batera, Nora, Ilargi guztiak, El radioaficionado, Érase una vez en Euskadi eta García y García filmak ikusi ahal izango dira. Horiekin batera, Euskal Herrian ekoitzitako film laburren labealdi berriena: Kinka, El carné, Oculto, Azaletik azalera eta La colcha y la madre.
Saioak 19:30ean hasiko dira egunero, Vital Fundazioa Kulturunean (Dendaraban). Saio bakoitzean film luze eta labur bana proiektatuko dituzte, eta amaieran solasaldi bat egingo da egileekin eta protagonistekin.
Gainera, publikoak epaimahai gisa jardungo du, lan onenak boto bidez aukeratzeko. Itxiera galan jakinaraziko dira emaitzak, eta bertan banatuko dira sariak, baita Arabako profesionalei zuzendutako Gutariko bat saria ere.
Abonamenduak eta sarrerak
Gaurtik aurrera, abonamenduak (15 euro) eta sarrerak (4 euro) eskuragarri daude dagoeneko, www.fundacionvital.eus webgunean, Kordoi Etxean (astelehenetik ostegunera 8:30etik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era, eta ostiraletan 8:30etik 14:00etara). Gainera, saio bakoitzeko sarrerak leihatilan erosi ahal izango dira proiekzioa hasi baino ordubete lehenagotik; betiere, guztiak aurretik saldu ez badira.
Egitaraua
Otsailak 21, astelehena
- Kinka, Maider Oleaga. Konfinamendua elkarrekin pasatzera behartuta dauden bi emakume ezezagunei buruzko istorioa: Doroty, latinoamerikar jatorriko etxeko langilea, 45 urte ingurukoa; eta Mari, adin nagusikoa eta gorreria arazoak dituena.
- Nora, Lara Izagirre. Hector Alterio, Ramon Barea eta Klara Badiolarekin batera, Ane Pikazak 30 urteko neska baten istorioa interpretatzen du. Hildako aitonak oinordetzan utzitako Dyane 6 zahar bat hartu eta Euskal Herriko kostaldetik road trip bati ekiten dio, noraezean.
Otsailak 22, asteartea
- El carné, Xabi Vitoria. Nork ez du inoiz esan guraso izateko txartela egon beharko lukeela? Zuzendariaren debuta, Lander Otaola, Gorka Aginagalde eta Iñigo Salinerorekin.
- El radioaficionado, Iker Elorrieta. Ama hil ondoren, Nikolas, autismoa duen 30 urteko gaztea, bere jaioterrira doa. Misio bat bete nahi du: bi egunetan altamatzera iritsi. Bertan Ane topatuko du, laguntzeko prest dagoen txikitako bere lagun bakarra.
Otsailak 23, asteazkena
- Oculto, Imanol Ortiz Lopez.
- Érase una vez en Euskadi, Manu Gomez. Zuzendari honen opera prima 1985eko Arrasaten girotuta dago. Ikasturtea amaitu da eta desiratutako oporrak iritsi dira. Marcosek eta bere hiru lagunek itxaropenez hartzen dute uda oparoa, batez ere hamabi urterekin bost axola zaielako non, noiz eta nola.
Otsailak 24, osteguna
- Azaletik azalera, Mel Arranz. Elkarrizketarik gabeko zazpi minutu. Lerro eta forma artean, eskuak elkar ukitzen, ezagutzen eta esperimentatzen dira, larruazalaren arteko mugak bilatu nahian.
- Ilargi guztiak, Igor Legarreta. Azken Karlistadaren estertoreetan girotuta, basoan bizi den emakume misteriotsu batek neska bat umezurztegi batetik erreskatatzen du. Fantasiazko fabula bat da, heriotzarekiko beldurrari eta hilezkortasunari buruz hausnartzen duena.
Otsailak 25, ostirala
- Maixabel, Iciar Bollain. Luis Tosar, Blanca Portillo, Urko Olazabal eta Maria Cerezuela arabarrak interpretatuta, Maixabel Lasaren bizitza pantaila handira eramaten du. ETAk hildako Juan Maria Jauregi senarra galdu eta hamaika urte geroago, ezohiko eskaera jasotzen du: hil zuten gizonetako batek berarekin hitz egiteko eskatu du kartzelatik.
- La colcha y la madre, David Perez Sañudo. Ama bat alaba bisitatzera doa, baina alaba irtetera zihoan. Presa handia du: senarrarekin eztabaidatu du, eta, erakusketa berrira iristen ez bada, harremana arriskuan egongo da. Baina amak opari bat ekarri dio, eta baita berri txar bat ere. Bi minutu ematen badizkio, kontatuko dio.
Otsailak 26, larunbata
- García y García, Ana Murugarren. Oso komedia samurra: bi Javier Garcia nahastu egiten dira eta euren rolak trukatzen dituzte. Bata langabezian dagoen mekanikaria da, eta bestea ospe handiko nazioarteko aholkularia, autoari gurpila aldatzen ere ez dakiena.
