Gasteizko euskara jendearena oso argazki jendetsua litzateke, baina marka da gero, askotan, hiri berean bizi izanda lehengusu-lehengusinek elkarren berri ez izatea, ezta? Euskara jendea –egingo ez den argazki honetarako– gure hizkuntzaren egoerak kezkatuta etorkizun hobea eraikitzen ahalegintzen dena da.
Gasteiztar euskaltzaleak dira eragiteko elkartzen direnak, adibidez: guraso elkarte, euskara talde, ikasle edo langile batzorde, komunikabide, auzo elkarte, aisialdi-kultura-kirol taldeetan... Baina, zein dira? Non eta zein arlotan aritzen dira? Zer egiten dute? Noiz? Ba al dute harremanik edota helburu komunik? Aurrera begirako zer asmo dute? Zer beharko lukete horretarako? Bada aukerarik, elkarren berri izanda, elkarlanean aritzeko? Zertan?
Ez da familia argazkirik egingo, baina "familia" irudikatzen hasiko da, kide-senide guztiok horren berri izan dezaten, zoriontsu eta eraginkorrago izateko bidea baita. Lagundu nahi? GEU elkarteko lehendakari Irati Iciar Madinabeitiak bideratuko du saioa, eta denon ekarpenekin nor garen eta zer egiten dugun argitzen saiatuko gara.
Eragiteko janzten jardunaldiak
Berriz da abian Eragiteko janzten, Arabagara, GEU elkartea, Lazarraga, ALEA eta Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez. Iaz jarri zuten hazia, eta aurten eragiten jarraitzeko asmoarekin datoz, Gasteizko euskaltzaleentzat gogoeta gune bat sortuko duena, esperientziak partekatu eta aberasten jarraitzeko gunea.
Otsailaren 22an hasita eta maiatzera bitartean, lau saio izango dira aurten Oihaneder Euskararen Etxean, Sumendi espazioan eta Salburua gizarte etxean. Saioen zein izen-ematearen inguruko xehetasun guztiak Euskaltzaleen Topagunearen webgunean daude.