Arantzabela ikastolako eraso LGTBIfobikoaren aurrean, elkartasun uholdea

Mikel Buruaga 2022ko otsailaren 10a

Gasteizko ikastetxeek elkarretaratzeak eta era guztietako elkartasun keinuak egin dituzte, Arantzabela ikastolan agertutako pintada LGTBIfobikoen aurrean.

Astelehen honetan, "Putos gays", "Fuck LGTB", "Fuck maricones" eta bestelako mezuak zituzten pintada LGTBIfobikoak agertu ziren Arantzabela ikastolan, umeek egindako horma-irudia batean.

Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak gertakaria eraso LGTBIfobiko gisa erregistratu zuen, eta ikastolaren esku jarri zen "behar duten guztirako". Horren ostean, elkartasun adierazpenak bata bestearen atzean iritsi dira, herritarren, beste ikastetxeen edota politikoen eskutik.

Ostegun honetan, babes hori guztia elkartasun uholde bihurtu da, Gasteizko ikastetxe ugaritan elkarretaratzeak eta bestelako keinuak antolatu baitituzte, Eraso LGTBIQ+fobikorik ez! lelopean.

Hitzordu nagusia 17:15ean Arantzabela ikastolako jolastokian bertan izan da, baina ikastetxe gehiago batu dira ekimenera, modu batean edo bestean: besteak beste, Zabalgana, Odon de Apraiz, Errekabarri (Salburua), Angel Ganivet (Santa Lucia), Toki Eder (Lakua), Aldaialde (Zabalgana), Judimendi, Aita Orbiso (Arriaga), Barrutia (Sansomendi) eta Landazuri.

"Muralak dioen moduan, maitasunagatik, berdintasunagatik, askatasunagatik, errespetuagatik, aniztasunagatik, harrotasunagatik, eta nola ez, duintasunagatik, ez gara isilduko horrelako erasoen aurrean!", adierazi du Arantzabela ikastolako komunitateak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago