Astelehen honetan, "Putos gays", "Fuck LGTB", "Fuck maricones" eta bestelako mezuak zituzten pintada LGTBIfobikoak agertu ziren Arantzabela ikastolan, umeek egindako horma-irudia batean.
Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak gertakaria eraso LGTBIfobiko gisa erregistratu zuen, eta ikastolaren esku jarri zen "behar duten guztirako". Horren ostean, elkartasun adierazpenak bata bestearen atzean iritsi dira, herritarren, beste ikastetxeen edota politikoen eskutik.
Bihar, ostegunean, babes hori guztia elkartasun uholde bihurtuko da, Gasteizko ikastetxe ugaritan elkarretaratzeak eta bestelako keinuak antolatu baitituzte, Eraso LGTBIQ+fobikorik ez! lelopean.
Hitzordu nagusia 17:15ean Arantzabela ikastolako jolastokian bertan izango da, baina, ALEAk jakin duenez, ikastetxe gehiago batzen ari dira ekimenera, modu batean edo bestean: besteak beste, 08:50ean Zabalgana, 17:00etan Odon de Apraiz (Zaramagako Martxoak 3 plazan), eta, egunean zehar, Errekabarri (Salburua), Angel Ganivet (Santa Lucia), Toki Eder (Lakua), Aldaialde (Zabalgana), Judimendi, Aita Orbiso (Arriaga), Barrutia (Sansomendi) eta Landazuri. Ziurrenik, datozen orduetan ikastetxe gehiagok iragarriko dute beren atxikimendua.
"Muralak dioen moduan, maitasunagatik, berdintasunagatik, askatasunagatik, errespetuagatik, aniztasunagatik, harrotasunagatik, eta nola ez, duintasunagatik, ez gara isilduko horrelako erasoen aurrean!", adierazi du Arantzabela ikastolako komunitateak.