Arabako Foru Aldundiak ez du atzera egingo: Olagibel kaletik gertu agertutako arrasto arkeologikoak lurperatzeko erabakiak bere horretan dirau. Moldaketa bakarra egingo dute, gaur iragarri dutenez: aparkalekua zertxobait txikiagoa izango da, lurperatuko duten harresia osorik mantentzeko.
Azken egunotan jasotako kritiken aurrean, gaur eman dituzte azalpenak foru arduradunek. Ana Del Val Kultura diputatuak eta Javier Fernandez Bordegarai Museo eta Arkeologia zerbitzuburuak agerraldia egin dute goizean, Adatseko Andre Maria ospitalearen aztarnen inguruan hartutako erabakia babesteko.
Aztarnategiaren garrantzia aintzat hartuta ere, "fisikoki erakutsiak izateko adina potentziala" ez duela esan du Fernandez Bordegaraik. Haren esanetan, beti ez da posible arrastoak agerian uztea. "Arrastoak kontserbatuko dira, noski, aparkalekuaren azpian", adierazi du Bordegaraik.
"Teknikoki" posiblea izango litzatekeela aitortuta, inguruneak dituen desabantailen berri eman du. "Ez dakit zer nahi dugun", argudiatu du Fernandez Bordegaraik. "Ikusteko moduan utzi, eta bertatik ibili ahal izatea, buztinezkoa den zoru batetik, bi metro eta erdiko sakoneran, ura sar daiteken eremu batean?". Defendatu du "protokolo guztiak" bete direla, eta ukatu du presaka lan egin denik.
Azken egunotan jasotako iritziak "presaz egindakoak eta efektistak" izan direla esan du Del Valek, eta erantsi du iritzi horien azken helburuak beti ez direla "agerikoak", horretan gehiago sakondu gabe. Diputazioaren esanetan, hiritarren parte hartzea "ikuspuntu egokitik" egin behar da, "zientzia ezagutza zurrunetan oinarrituta, eta ondo argudiatuta".