Zenbaitetan, arkeologoek izugarrizko txiripa izaten dute. Halakoetan, lurpean objektu edo elementuren bat agertzen da, data zehatz bat duena. Lurra gehiegi mugitu ez bada, gorago dagoena data hori baino modernoagoa da. Behean dagoena, berriz, zaharragoa.
"Jakin badakigu beheko zatia Adatseko Andre Maria ospitaleari dagokiola". ISMAEL GARCIA-GOMEZ
Halaxe gertatu zaie Gasteizko Olagibel eta Adatseko Andre Maria kaleen artean bizikletentzako aparkaleku bat eraikitzeko lanen kontrola egiten ari diren arkeologoei. Erretako lurra duen zati bat aurkitu dute, sute baten lekuko. Abantaila da sute hori ondo datatuta dagoela dokumentazioan: 1507. urtearen inguruan Adatseko Andre Maria ospitalea erre egin zela agertzen da. "Hortaz, jakin badakigu beheko zatia ospitale horri dagokiola, eta gorago dagoena, berriz, gainean eraiki zuten Santiago ospitalearen arrastoak direla", azaldu du Enklabe enpresako arkeologo Ismael Garcia-Gomezek.
Garcia-Gomez bertako lanen kontrol arkeologikoa egiten ari den Iterbide SC enpresari laguntzen ari zaio. Eta arrasto garrantzitsu ugari ari dira aurkitzen: Adatseko Andre Maria ospitaleko egitura bera, alboan zegoen kale baten aztarna eta Gasteizko harresiaren zati bat. "Azken hau merkatuaren plaza zaharra inguratzen zuen harresiaren zatia da", zehaztu du.
Arkeologoak nabarmendu duenez, XVI. mendeko zeramika asko ateratzen ari dira. "Laborategira eraman ditugu. Horiek ikertzen ditugunean, seguruenera informazio asko aterako dugu Gasteizek zituen merkataritza ibilbideei buruz", aurreratu du. "Izan ere, zeramika lokala izan daiteke, baina baita beste leku batzuetatik ekarritakoa ere".
Zehaztu duenez, Fernan Perez Aiarakoak eta Maria Sarmientok fundatu zuten lehen ospitalea 1419an. "Sutearen ondoren, tarte bat egon zen bigarren ospitalea eraikitzeko dirua bildu zuten arte", azaldu du arkeologoak.
Zaintzeko beharra
Ohi bezala, oraingoan ere denboraren kontra lanean ari dira zientzialariak, aparkalekua egiteko lanak ez dituztelako eten. Are gehiago, dakitenagatik, udalaren asmoa da aztarna arkeologikoak estaltzea, eta goian kartel batzuk jartzea.
Aztarnen garrantziaz jabetuta, AAI Arkeologiarako Arabar Institutuak instituzioei eskatu die birpentsatzeko arrasto horiekin zer egin. Gasteizen ospe handia hartu zuen Obretan eta irekita leloaren atzean dagoen filosofiari oraingoan ere eusteko eskatu du AAIko kide Julen Diaz de Argotek.
"Errazena da lanekin jarraitzea eta eremua estaltzea, baina beste leku askotan kontrako joera ikusten duzu. Adibidez, kristalekin arrastoak babesten dituzte, eta horrek, gainera, bisitariak erakartzeko balio du", adierazi du. "Hiriak bere dinamismoarekin jarraitu behar du, baina horrek ez du zertan esan behar dena estali behar denik".
Diaz de Argotek azpimarratu duenez, 1509an Joana I.a Gaztelakoa erreginak aipatu zuen Gasteizkoa zela bere erreinuko ospitalerik garrantzitsuena. Alboan aurkitu duten kaleari dagokionez, gogora ekarri du Micaela Portillak aipatu zuela Done Jakue bidea ospitalearen albotik pasatzen zela, eta litekeena dela kalearen arrastoa bide horren zatia izatea. Harresiaren garrantzia ere aipatu du.
"Zaharberritzaileek hitz egin beharko dute, noski, baina uste dugu aztarna horiei balioa emateko moduak egon daitezkeela", laburbildu du AAIko eledunak.