Pandemiaren ostean "zikloz aldatzeko" herri inauteriak ospatuko dituzte Judimendin

Erredakzioa 2022ko ots. 7a, 19:40

Judimendiko inauteriak, 2017an. / ALEA

Arabako herri inauteriak ardatz, otsailaren 25ean "gaitz guztiak uxatzeko eta zikloz aldatzeko" auzo inauteriak ospatuko dituzte Judimendin. Bilera irekia deitu dute hilaren 9an, eta 16an eta 23an mozorroak egiteko gunea izango da auzo elkartea.

Judimendiko bizilagunek Batuta elkartasun sarea jarri zuten martxan 2021eko apirilean, auzo ikuspegitik "elkartasuna, komunitatea eta salaketa" jorratzeko etxebizitza, zaintza, tokiko merkataritza eta kulturartekotasunaren alorretan.

Elkartasun sarea jaio zenetik, bertan bildutako auzokideek askotariko ekimenak antolatu dituzte. Orain, pandemiaren seigarren olatuaren bukaera gertuago dagoela dirudien honetan, inauteriak baliatuko dituzte auzoko komunitatea hauspotzeko: "Historian zehar, herri ezberdinetako jai eta ospakizunek komunitatea harremanetan jartzeko eta elkarrekin lanean jartzeko funtzioa bete izan dute. Egoera zaila bizitzen ari gara, pandemiak gogor kolpatzen jarraitzen du, eta neke soziala eta inoiz bukatuko ez den sentsazioa geroz eta indar gehiago hartzen ari da", azaldu dute.

Hori dela eta, aurten "auzo bezala eta elkarrekin" inauteriei begirako ekimena antolatu nahi izan dute, "modu kolektiboan, komunitatea ehunduz, elkar zainduz eta modu parte hartzailean".

Gure historian murgildu dira, eta ikusi dute "gu baino lehen bizi izan direnek gaitzei nola egin izan dieten aurre". Horregatik, hain zuzen, Arabako herri inauteriak jorratuko dituzte auzoan.

"Bada garaia gaitz guztiak uxatzeko eta zikloz aldatzeko. Gizarte gero eta atomizatuago eta indibidualista batean bizi gara, etekin ekonomikoak guztiaren gainetik jartzen dituena, natura edota pertsonon bizitzen gainetik ere, ohikoa bilakatu da. Herri-aratusteak lurrari lotzen zaizkio, amalurra zaindu eta gaitzak uxatzeko momentua baitira, izakion bizitzak posible egiten jarrai dezan. Gainera, gazteen gorputzen hipersexualizazio garaiotan, estereotipoak hautsi eta rolak gainditzeko aukera paregabea eskaini nahi dugu", azaldu dute.

Arabako herri inauteriak auzora

Horretarako, lehenik eta behin, auzoko eragileen indarrak batu dituzte: besteak beste, AEKk, Sumendi Espazioak, Auzo Elkarteak, Bizan zentroak, eskolek, tabernek eta dendek parte hartuko dute, modu batean edo bestean. Eta hainbat ekimen antolatuko dituzte guztien artean: umeentzako txokoak, kalejira, arabar txirigotak...

Otsailaren 25ean, ostiralean, Judimendi Arabako herri inauterietarako espazio bihurtuko dute. Data nagusi horren inguruko informazio gehiago zabalduko dute laster, baina lehenago hiru hitzordu iragarri dituzte Auzo Elkartean dena prestatzeko: otsailaren 9an, 19:00etan, bilera orokorra; eta otsailaren 16an eta 23an, 19:00etan, mozorroa egiteko gunea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago