Azken egunotan Gasteizko Olagibel kaletik gertu azaldu diren arrasto arkeologikoak estalita geratuko dira azkenean. Diputazioaren erabakiaz, hondeamakinek lanean jarraitu dute gaur, eta estalketa lanak hasi dituzte.
Aztarna hauek Adatseko Andre Maria ospitalearenak dira, eta ondoren eraiki zuten Santiago ospitalearenak. Modu berean, Gasteizko harresiaren zati bat eta Done Jakue bidearen parte izan daitekeen kale bat aurkitu dute obren kontrol arkeologikoa burutzeko lanetan.
Azken egunotan Arabako arkeologoek aztarna horien garrantzia azpimarratu dute, eta eskatu dute arrastoei balio emateko alternatibak aztertzea. Agiri batean, AAI Arkeologiarako Arabar Institutuak oraingoan ere Obretan eta irekita leloari eusteko eskatu diete erakundeei. Norabide berdinean, sinadura bilketa bati ekin diote. Informazio hau idazteko unean eskariak 1150 sinadura baino gehiago jasoak zituen.