Hogeita hamasei urteko historian aurrenekoz emakumeak Arabako Mendi Federazioaren zuzendaritza taldean sartu dira 2021ean. Horietako bat Esther Merino mendizalea eta blogaria da. Haren ustetan, garaia da emakumeei merezi duten lekua emateko. Halaber, mendia eta kultura uztartzeko bere erronka pertsonalari ginga jarri dio 2021ean Merinok, Rutas montañeras a castillos medievales (Erdi Aroko gazteluetara mendi ibilbideak) liburuarekin. Sua argitaletxearekin kaleratu du 25 mendi igoera beste hainbeste gaztelutara eramaten duen gida. "Nahiko nuke liburua irakurtzen dutenak nik bezala emozionatzea".
Nola sortu da liburua idazteko asmoa?
Ez da egun batetik bestera iritsi. Hamar urte daramatzat artikuluak idazten Pyrenaica aldizkariaren blogean, Pyrenaicako emakumeen atalean, baita aldizkarian ere, eta mendi ibilbideei buruz idazteko ohitura daukat. Ez zait gustatzen azaltzea soilik gora edo behera joan behar den, ezkerrera edo eskuinera…, hori gaurko eguneko baliabideekin ez da beharrezkoa. Aldiz, mendi ibilbide horrek piztu dizkidan sentsazioak edo gordetzen dituen istorioak jasotzea gustatzen zait: erromatar galtzada bat dagoen, artzainek zeharkatzen dituzten mendateak diren, borda bat edo ermita bat dagoen… Hori guztia oso aberasgarria da. Alde batetik mendizalea naiz, eta beste batetik blogean idazten dut.
Izan ere, saria irabazi duzu sarrera gehien izan dituen blogaria zarelako, ezta?
Hiru sari jaso ditut, online sarrera gehien dituen blogari izateagatik. Saiatzen naiz artikuluak errazak izan daitezen, erabilgarriak, oso zehatzak, eta nahiz eta profesionala ez izan, saiatzen naiz ere argazki onak egiten. Lehenengo 24 orduetan 150 pertsona sartzen direnean badakit artikulu horrek ondo funtzionatuko duela, kar, kar, kar.
"Detektibe bat bezala ibili behar duzu landutako harriak ikusteko, uharkak, defentsak"
Eta zergatik hasi zinen gazteluen ibilbideez idazten?
Duela pare bat urte gazteluekiko grina piztu zitzaidan; oso gazteluzalea naiz, Erdi Aroa asko gustatzen zait, herrietan egiten diren Erdi Aroko merkatuetan mozorrotzen den horietakoa naiz, eta tenplarioen kontu horiek asko gustatzen zaizkit… kar-kar-kar. Ni mundu horretan nire saltsan nago, eta gazteluak egon ziren mendietara igotzen hasi nintzen. Mendi horien inguruan irakurtzen hasi nintzen, baita ere, gazteluen historiari buruz. Gehienetan lau harri besterik ez dira geratzen. Araban, adibidez, Estuliz, Ozio eta Zabalatekoak kenduta, ez dago ia arrastorik. Beraz, detektibe bat bezala ibili behar zara landutako harriak ikusteko, defentsa maila desberdinak deskubritzeko, harresiaren arrastoak, uharkak… Gustatzen zait imajinatzea gaztelu horien historia, eta bertan ibili ziren pertsonak, zaldien apoak ere entzuten ditut, kar-kar-kar.
Interesa piztu zuten ibilbide horiek blogean?
Konturatu nintzen sarrera asko zituztela, interes handia pizten zutela. Teorian bisita gehiago izan behar zituen Himalaiari buruzko artikulu baten aldean, gazteluek askoz bisita gehiago zituzten.
Eta horietako 25 mendi-ibilbide eraman dituzu liburura.
Blogean baino askoz ibilbide gehiago jaso ditut liburuan. Denetarik dago, gainera, mendian trebatuta daudenentzako eta umeekin mendira joaten hasi nahi dutenentzako. Liburuan zehazten da testuinguru historikoa, desnibelak, luzerak eta bide bakoitzaren zailtasuna. Gipuzkoako Ataungo gaztelua, esate baterako, harkaitz baten tontorrean dago, edo Untzuetakoak, Bizkaian, gailur aereoa du eta agian umeekin joateko ez dira aproposenak; baina 25 ibilbide dira, eta denetarik dago.
Nahiko nuke liburua irakurtzen dutenek nik bezala emozionatzea.
Nola aukeratu dituzu mendi-ibilbideak?
Editorialak 25 eskatu zizkidan, eta aukeratzeko orduan kontuan izan nuen mota guztietako mendi-ibilbideak izatea, paisaia ederra, gazteluen aztarnak geratzea eta bidea ere polita izatea. Gainera, beti iradokitzen dut inguruan dagoen beste zerbait, gaztelu bat edo beste bideren bat.
Denbora asko inbertitu behar izan duzu proiektuan?
Bai, bai, baina asko gozatu dut. Bideak egitea eta horren inguruan idaztea maite dut, eta nahiko nuke liburua irakurtzen dutenek nik bezala emozionatzea. Kultura eta mendia uztartzea oso interesgarria iruditzen zait.
Zer gaztelu da berezia zuretzat?
Denak gustatzen zaizkit, nire umetxoak bezala dira, baina baten bat nabarmendu behar badut Toroko gaztelua edo Cruz del Castillo bezala ezagutzen duguna nabarmenduko nuke, Toloñoko mendilerroan. Ez da ezer geratzen, uharkaren eta harri landuen arrastoak besterik ez, baina askok hamaiketakoa uharka horretan egin dugu, haizetik babesteko, jakin gabe bertan gaztelu bat dagoela. Asko gustatzen zaizkit ere Toloñokoa, haitz batean dagoelako; Untzuetako gaztelua ere, Orozkotik igotzen da eta oso historia polita du. Gipuzkoan, Ataungoa, Jentilbaratzakoa, Txindokiren zaindaria, edo Ausa Gaztelu, Irurtzungo Aitxita… Asko dira.
Nola zaletu zinen mendira?
Nik mendiari buruz ez nekien ezer eta dibortziatu nintzenean, 39 urterekin, hasi nintzen mendi taldeekin. Mendiarekin maitemindu nintzen, bat-bateko maitemina izan zen, mendi guztietara igo nahi nuen, goizez eta arratsaldez ikusi nahi nituen, elurrarekin eta elurra gabe… Zerrendatxoak egiten nituen eta artikuluak niretzat idazten nituen; eta gero deskubritu nuen idatz nezakeela blogetan eta aldizkarietan, eta gainera sariak ematen zizkidatela, kar-kar-kar.
Denbora librea mendian ematen duzu?
Bai. Pirinioak zeharkatu ditut, Euskal Herriko mendi gehienak, Europako Pikoak, Dolomitak, Alpeak… Denbora librean trackak eta ibilbideak prestatzen ditut, eta banoa. Ferrata-bideak ere asko gustatzen zaizkit, 45 egin ditut eta asko geratzen zaizkit oraindik. Karpetak eta karpetak ditut: Burgos, Errioxa, Euskal Herria, Pirinioak… egin nahi ditudan bide guztiak gordeak ditut.
Zer ematen dizu mendiak?
Deskonektatzen laguntzen dit, askatasuna da, kirol aldetik asko gustatzen zait, baina batez ere paisaiak maite dituen mendizalea naiz. Niretzat arraroa da lainotuta dagoen egun batean mendira joatea; garai horietan nik idatzin egiten dut. Paisaiak gustatzen zaizkit, mendien bolumenak eta profilak, karedun haitza den edo ez jakitea. Baita kultura ere: artzainen bordak, lehengo bideak. Menditik dena eramaten dut. Bada jendea beti mendi berdinetara joaten dena; nik, aldiz, ez dut errepikatzen, guztiak ezagutu nahi ditudalako.
Urte luzez emakumerik izan ez duen Arabako Mendizale Federazioko zuzendaritzako bokala zara.
Xendazaletasun saileko eta emakumeen saileko bokala naiz, bai. Lehen aldia da federazioan emakumeak daudela, hiru sartu gara.
Gezurra dirudi.
Bai. Gezurra dirudi. Emakume eskalatzaile asko eta emakume mendizale asko daude, baina federazioetan eta taldeetan ibilbide luzea dago oraindik egiteko: ikusgarritasuna, zuzendaritzan parte hartzea, erabakiak hartzeko guneetan egotea… Esparru horietan emakumea laguntzaile bezala dago, besterik ez. Bestalde, ez dago apenas mendi-gidarik edo borondateko gidaririk mendiko taldeetan; gehienak gizonak dira, horregatik ari naiz esparru horretan lan egiten.
"Indarkeria psikologikoa dago mendi-ibilbide batean errieta egiten digutenean"
Gizonen mundua da mendia?
Emakumeak gizonak igotzen diren mendi berdin-berdinetara igotzen gara, baina liburuetan soilik gizonezkoak agertzen dira. Hori aldatu egin behar da, izan ere nik uste dut mendi-taldeen etorkizuna emakumeak direla, eta orain ez dira kolaboratzen ari.
Zergatik?
Ez dietelako uzten edo atzera egiten dutelako, kritikak ez jasotzeko. Emakumeak erabakiak hartzen diren tokietan ez dauden bitartean, beti egiten da gizonen alde. Mendiko posterretan edo egutegietan arraroa da emakumeak agertzea, mendi-taldeen logotipoetan edo ikurretan ere beti agertzen dira gizonak. Hitzaldiak ematen ere bakarrik daude gizonak, ezin dut sinistu ez dagoela emakumezkorik gauza interesgarriak kontatzeko! Mendiko imajinarioa oso maskulinoa da, eta hizkuntza ere sexista da.
Erresistentzia dago taldeetan?
Kostatzen da, agian gizartea baino atzeratuagoak goaz. Indarkeria psikologikoa ere badago, ibilbide batean errieta egiten digutenean: "Ez dela hortik!! hemendik da!" Zergatik esan behar didate hori? Zergatik jasan behar dut nik hori? Edo pixa egitera gelditzen garenean: "Berriro pixa egitera gelditu behar zara? Erritmoa apurtzen ari zara!!". Badago indarkeria psikologiko bat orain arte antzematen ez genuena, eta orain bai. Bide luzea dugu, eta taldeak ireki behar dira proposamen berrietara. Erronka da, adibidez, taldeen ikastaroak emakumeentzat izatea; mistoak direnean askotan dirudi gizonezkoek dena dakitela eta dena egin behar dutela, ez dute espaziorik uzten ikasteko. Nik korapiloen ikastaro batean izena ematen badut, ikasteko da, ez gizon batek egiteko nik egin nahi dudan korapiloa; horrela ez dut ikasten.
"Emakumeak dira mendiko taldeen etorkizuna"
2021ean bete zituen Gasteiz mendi taldeak 50 urte, eta urtemugaren galan belaunaldi desberdinetako emakumeak bildu zineten.
Aurreneko aldia zen emakumeak oholtzara igo eta mendiari buruz hitz egiten genuela, eta oso polita izan zen. Hiru belaunaldietatik mendizale bakoitzak bere bizipenak kontatu zituen: 60. hamarkadan emakumeak mendira gonarekin joan behar zirela kontatu zuten, prakak janztea debekatuta zegoela edo gizonen botak erosi behar zituztela…. Hori hor dago eta gure historiaren parte da, gizonak libreki mendira joaten zirenean emakumeei erantzuki egiten zieten, susmagarriak ziren. Mendian emakume guztientzat dago tokia, ezin ditugu bakarrik kontuan izan Himalaiara igotzen direnak; emakume asko dago mendian gozatzen modu desberdinetan eta horiek ere kontuan izan behar ditugu.