Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari jarritako betoa baliogabetzat jo lezakete

Erredakzioa 2022ko urt. 26a, 08:30
2021eko apirilean, proiektua "erabat baztertu" zuen Eusko Jaurlaritzak. / ALEA

Epaile baten ustez, Subilla Gasteizen gasa esploratzeari jarritako betoaren azalpena "osatugabea" da; hortaz, argudio gehiago emateko eskatu dio Udalari. Hala ere, oraingoz ez du baimendu Eusko Jaurlaritzaren proiektua, eta Udalak errekurritzeko aukera du.

Asteazken honetan El Correo egunkariak argitaratu duenez, Subilla Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa esploratzeko proiektuaren inguruko prozedura judizialak zabalik jarraitzen du.

Gasteizko HAPOan jasotako hirigintzako araudiarekin "bateraezina" zela iritzita, Gasteizko Udalak Armentia-2 putzuan gas zundaketa egiteko baimena ukatu zuen 2020ko abenduan. 2021eko apirilean, proiektua "erabat baztertu" zuen Eusko Jaurlaritzak, baina lau hilabete beranduago, abuztuan, helegiteari eutsi ziola jakin genuen.

Orain, Udalaren erabakitik urtebete baino gehiagora, nobedadeak iritsi dira Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 3. Epaitegitik. Izan ere, epaitegi horrek erabaki du behin-behinean baliogabetzea Eusko Jaurlaritzari jarduera-lizentzia ukatzeko Udalak hartutako erabakia, haren argudioa "osatugabea" dela iritzita.

El Correok ezagutzera eman duen epaiaren ondorioz, Urtaranen gobernuaren ebazpena indarrik gabe geratuko da momentuz; hala ere, Eusko Jaurlaritzak ere —SHESA sozietatearen bidez— ez du izango zundaketa egiteko aukerarik. Epaitegiak behin betiko ebazpen bat plazaratu arte, behintzat.

Momentuz, Gasteizko Udalak helegitea jarriko duela iragarri du. Epaiaren arabera, Udalak ez du soilik zehaztu beharko zergatik gasaren esplorazioa hirigintzako araudiaren aurkakoa den; ordea, proiektu osoa ezetsi beharko du, "birsortzeke dagoen lursail baterako planteatzen den berroneratzeko esku-hartzea" barne.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide