Ostiral honetan Arabako ESIk iragarri duenez, Arabako Unibertsitate Ospitaleko (AUO) Larrialdi Orokorrak Txagorritxuko eraikin berrira lekualdatuko dira otsailaren 2an; zehazki, hilaren 1eko gauean. Hortaz, egun horretatik aurrera, Santiago ospitaleko gunea ez da egongo eskuragarri herritarrentzat, eta puntu berrira jo beharko dute arreta jasotzeko.
Zuzeneko arreta Hiriko erdialdeko zuzeneko arreta murriztu eta mendebaldean eskainiko da —orain arte Santiagon eta Txagorritxun, bietan, eskaintzen zen—. "Santiagon Larrialdietako Zerbitzua ez da desagertuko, baina Arabako ESIko medikuek bideratutako pertsonak bakarrik artatuko dira edota 112 zenbakiarekin harremanetan jarri ondoren anbulantzia bidez bideratutakoak", azaldu dute.
Murrizketa gehiago ezartzeko erabaki bat bezala interpreta daitekeen arren, Osakidetzaren ohar ofizialak azpimarratu du Txagorritxuko espazio berria "zabala, modernoa eta balio anitzekoa" dela, eta hobekuntza ekarriko duela "bai paziente eta senideentzat, bai profesionalentzat". Gainera, 300.000 pertsona inguruko biztanleriari emango dio estaldura.
Izan ere, kokapen berriak premiazko arreta berrantolatzea ekarriko du: "Espazioak box eta kontsulta gehiago ditu, azken belaunaldiko hornidura teknologikoa eta monitorizazio sistema aurreratuak. Horren guztiaren ondorioz, pazienteen asistentzia kalitatea eta erosotasuna nabarmen hobetuko dira", azaldu du Arabako ESIk.
Nola iritsi espazio berrira?
Espazio berria Txagorritxuko Zerbitzu Orokorren eraikin berriko (E eremua) -1 solairuan dago, Pediatriako Larrialdien ondoan. Pazienteak bertako Larrialdietako atetik sartuko dira, eta egunero 24 orduz egongo da erabilgarri. Sarbidea "erosoa eta irisgarria" da, bai autoz doazenentzat, bai garraio publikoan doazenentzat. Txagorritxurekin komunikatzen diren autobus-lineak L2 Periferikoa eta L7 Borinbizkarra–Salburua dira, eta tranbiaz ere heldu daiteke Ibaiondorako noranzkoan.
Espazio berriaren ezaugarriak
- 2 triaje-gela
- 12 kontsulta (orokorrak eta espezializatuak)
- Egonkortze-gela
- Prozedura-gela
- 39 box orokor (horietako 9 banakakoak)
- 18 behaketa-box
- Larrialdietako Laborategia: urtarrilaren 13tik Larrialdietako Laborategia martxan dago Zerbitzu Orokorren eraikin berrian, Larrialdietako Zerbitzuaren ondoan, AUO Txagorritxuko E eremuko -1 solairuan, 120 metro koadrotik gorako azalerarekin.
- Pediatriako Larrialdiak: Pediatriako Larrialdietarako sarbidea, orain arte AUO Txagorritxuko ate nagusitik egiten zena, asteazkenetik, otsailaren 2tik aurrera, Zerbitzu Orokorren eraikin berriko Larrialdietako atetik egingo da, eta eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri.