Osakidetzaren "egoera larria" salatzeko mobilizazioak deitu dituzte urtarrilaren 23rako

Erredakzioa 2022ko urt. 7a, 14:30

Greba eta mobilizazio egun bat Txagorritxuko ospitalean, 2020an. / Argazkia: ELA

Urtarrilaren 23rako mobilizazioak deitu dituzte ELA, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuek EAEko hiru hiriburuetan, pandemiaren aurreko "egiturazko gabeziek" Osakidetzaren lehen mailako arretan "kolapso egoera" eragin dutela salatzeko.

"Lehen mailako arretak kolapso egoeran jarraitzen du, pandemiaren aurreko egitura gabeziak direla eta. Covid protokoloetan egindako azken aldaketek egoera horren ondorio dira", ohartarazi dute Osakidetzan ordezkaritza duten ELA, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuek.

Egoera horren aurrean, urtarrilaren 23an —igandea— kalera ateratzeko deia egin diete herritarrei eta Osakidetzako langileei, lehen mailako arretaren "egoera larria" eta ospitaleetako arretaren gainkarga salatzeko eta "berehalako neurriak" eskatzeko. Manifestazioak antolatuko dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan, eta Gasteizko mobilizazioa 12:00etan abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazatik.

Sindikatuek mobilizazio ugari deitu dituzte azken hilabete eta urteetan —tartean, hiru greba egun 2019an—, Osakidetzako osasun zentroetan egoera "jasanezina" dela salatzeko. Covid-19aren pandemiaren seigarren olatuarekin, egoerak okerrera egin duela ohartarazi dute.

"Plantillen eskasia hain da nabarmena, ezen Osakidetzak, besteak beste, autotest neurriak ezarri dituen; hau da, paziente bakoitzak bere lagina jaso dezala, horiek jasotzeko langile nahikorik ez dagoelako", kritikatu dute. "Zoritxarrez, egoera hori ez da pandemiaren ondorio. Gaur egungo osasun krisiak are gehiago larriagotu du pandemiaren aurretik zegoen egiturazko egoera".

Egoera horrek kolektiboaren lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatea prekaritzatzea dakarrela ohartarazi dute sindikatuek, eta pandemia "murrizketak aplikatu eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko aitzakia" bihurtu izana leporatu diote Osakidetzako zuzendaritzari. Besteak beste, horren adibide gisa jarri dituzte 4.000 profesionalen kaleratzea edota osasun arloko inbertsioaren 16 milioi euroko jaitsiera Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan.

Lehen arreta indartzeko estrategia

Mobilizazioetan hainbat neurri zehatz eskatuko dituzte: "Osakidetzaren aurrekontua handitzea EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25 lehen arretara bideratuz; plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoz hornitzea kategoria guztietan, milaka plaza sortuz aldi baterako milaka langile finkatzeko, gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzeko eta lan kargak arrazionalizatzeko; gainera, premiazkoa da lehen egunetik absentzia guztiak ordezkatzea".

Funtsean, "osasun publikoa eta, bereziki, lehen arreta lehenestera eta indartzera bideratutako estrategia bat" exijituko diote Eusko Jaurlaritzari, "hamarkada bat baino gehiago daramatzan desegite programatuaren aurrean".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago