Beste behin ere Araba jarri dute energia berriztagarriak sustatzeko proiektu handi baten erdigunean. Oraingoan Zaragozako Atalaya Generación energia enpresa da gure lurraldean zentral hidroelektriko itzulgarriko bi proiektu sustatzen ari dena, El Periódico de la Energía hedabideak argitaratu duenez. Teknologia horren bidez, energia ekoizteaz gain, hori biltegiratzeko ahalmena areagotu nahi du enpresak.
Atalaya Generación-ek Araba aukeratu du teknologia hori baliatzeko bere proiektu izarraren kokaleku nagusi gisa, eta, bere planek aurrera egiten badute, Espainiako Estatuko "bateriarik" handiena hartuko du lurraldeak, 25 GWh-tik gorako biltegiratzea duten bi ponpaketa-zentralen bidez.
Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren datuen arabera, zentraletako bat Gasteizen jarri nahi dute, 1.356 MW-ko potentziarekin eta 14,65 GWh biltegiratzeko ahalmenarekin. Bestea Subilla Morillas kontzejuan (Erriberagoitia - Añana) jarriko lukete, 1.040 MW-ko potentziarekin eta 11,25 GWh-ko biltegiratzearekin. Guztira, beraz, 25,9 GWh biltegiratzeko ahalmena izango lukete bi zentralek.
Lehen kritikak
Momentuz, Arabako erakundeetako ordezkariek ez dute baloratu hedabide ekonomiko horrek esklusiban argitaratutako informazioa. Hala ere, EH Bilduren batzarkide taldeko bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok proiektua kritikatu du sare sozialetan: "Araba, beste behin ere, makro azpiegituren kokaleku. Makro parke eolikoak, fotovoltaikoak, logistikoak gutxi balira, orain hau... Araba bizirik", idatzi du.
Araba, beste behin ere, makro azpiegituren kokaleku.
— Kike Fdz de Pinedo (@KikeFdzdePinedo) January 12, 2022
Makro parke eolikoak, fotowoltaikoak, logistikoak gutxi balira orain hau... ????#ArabaBizirik https://t.co/50RfSOvwPh