Hiriburuko eta Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia arteko landa eremuko bizilagunek osatutako Gasteiz Batuz plataformak antolatuta, AHTren trazadura hiriko sarreran lurperatzeko proiektuaren eraginen inguruko bi batzar informatibo antolatu ditu urtarrilean, Elorriagan eta Aldabe gizarte etxean.
Lehen batzarra bihar izango da, urtarrilaren 19an, asteazkena, 18:30ean Elorriagako Juntetxean, Landa-bizitza kolpatzen duen trena izenburupean. Trenbidea landa eremuan integratzeko proiektuaren eraginari buruzko ikuspegi batetik hausnartuko dute, bereziki eragindako herrietan bizi diren pertsonei zuzendutako solasaldi honetan. Gasteiz Batuk "ahalegin handia" egin du edukiak egokitzeko, "gerturatzen direnentzat interesgarri izan dadin"; besteak beste, lurraldeari, ingurumenari, lurrari eta bertako biztanleen bizimoduari nola eragin diezaiokeen azalduko dute.
Hurrengo asteazkenean, urtarrilaren 26an, 18:30ean Aldabe gizarte etxean elkartuko dira, Gasteiz, zatitutako hiria izenburupean. Oraingo honetan, trena lurperatzeko proiektuak oro har Gasteiz osoan izango duen eraginari buruz arituko dira. Hiri ereduan zentratuago dagoen ikuspegi batetik, proiektuak "indartzen dituen oztopo fisiko eta psikologikoak eta desberdintasunak" izango dituzte hizpide, baita "kostu ekonomikoa, pertsonen osasuna, emakumeentzako espazio seguruak" ere, besteak beste.
"Gasteiz Batuk gardentasunez informatu behar du, inplikatutako erakundeak ez baitira horretan ari. Interesa duten pertsonak bi tokietako edozeinetara hurbildu daitezke informazioa jasotzeko, iritzia emateko, eztabaidatzeko edo parte hartzeko, edo bietara joan daitezke, hitzaldi bakoitzak errealitate desberdinei erantzuten baitie", azaldu dute.