EAJk akordioa lortu du Espainiako Gobernuarekin Abiadura Handiko Trena Gasteizera eta Bilbora lur azpitik sartzeko eta lanen kudeaketa Jaurlaritzaren esku uzteko. Adostutakoari esker, Arkautiko lotuneko obra eta hiriburuko lurpeko geltokia euskal erakundeen esku geratuko dira.
Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak "historikotzat" jo du akordioa, Espainiako aurrekontuen negoziazioan lortutakoa. Haren arabera, Jaurlaritzak hartuko du Gasteizko eta Bilboko zatien ardura, AHTaren Gipuzkoako zatiarekin egin den moduan. Horren arabera, hainbat hilabetetako eztabaidaren ostean, azpiegitura honen funtsezko zati bati, hiriburuetako sarbideei, "behin betiko bultzada" emango zaiola nabarmendu du Estebanek.
"Bigarren mailako akordiorik onartuko ez genuela esan genuen, eta hala izan da", esan du Estebanek akordioari buruzko azalpenak emateko agerraldian, Gasteizen. Akordioa "bultzada erabakigarria" izango dela azpimarratu du.