Top Araba egitasmoa Oihanederrera bueltan da, euskal kulturaren sormena sustatzeko

Erredakzioa 2022ko urt. 17a, 18:46
Mamiak kolektiboaren 'Ogiak hizketan baleki' proiektua aukeratu zuten iazko deialdian. / ALEA

Oihaneder Euskararen Etxeak Top Araba egitasmoa jarri du martxan, euskarazko kultur sormena sustatzeko eta diziplina aintzetako sortzaile arabarrak saretzeko. Otsailaren 12an topaketa egingo dute, eta 7.500 euroko diru-poltsa osatuko da.

Bigarren urtez, euskarazko kultur sormena sustatzeko, berrikuntza suspertzeko eta sareak sortzeko asmoz, Oihaneder Euskararen Etxeak TopAraba egitasmoa jarri du martxan. Helburu nagusi gisa, Araban bizi diren kultur diziplina anitzetako norbanako sortzaileak harremanetan jarri nahi dituzte.

Horretarako baliabide ekonomiko, tekniko eta materialak eskainiko dizkie Oihanederrek, eta, Vital Fundazioaren babesarekin, 7.500 euroko diru-poltsa bat sortuko du diziplinarteko bi proiektu laguntzeko.

Egitasmoaren abiapuntua otsailaren 12ko topaketa izango da; Kultiba enpresak dinamizatuko du saioa. Izena emateko epea otsailaren 7ra bitartean izango da zabalik. Parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da honako inprimaki hau betetzea, 18 urte baino gehiago izatea eta Araban erroldatuta egotea.

Saioaren hasieran, partaideek beren buruak aurkeztuko dituzte, dakartzaten ideiak azalduz. Aurkeztutako asmoen arabera, partaideen arteko elkarrizketa azkarrak egingo dira, talde dinamikak baliatuz; horrela, sortzaileen sarea sortu eta proiektuak garatzeko behar den gutxieneko konfiantza landuko da. Horrekin batera, egitasmoak izango dituen hurrengo urratsak eta parte hartzeko aukerak azalduko dira.

Lehen topaketa egin ostean, hiru fase nagusi izango ditu egitasmoak:

  • Deialdia: topaketan landu diren diziplinarteko kultur proiektuak aurkezteko lau asteko epea izango dute taldeek, horiek lantzeko aholkularitza teoriko pertsonalizatuarekin. Ondoren, gehienez bi proiektu aukeratuko dira, eta horiek garatzeko 7.500 euroko diru poltsa eskainiko du Oihanederrek.

  • Proiektuen sormen prozesua: hurrengo fasean, aukeratutako proiektuak garatuko dira, gehienez hamabi hilabeteko epean.

  • Aurkezpen publikoa: egitasmoaren barruan sortutako proiektuen aurkezpena 2023. urteko neguan egitea aurreikusten da.
Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide