San Anton

Animalien erreinuko zozketa

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko urt. 17a, 08:00

1954. urteko zozketan parte hartu zuten umeak. ATHA-DAF-SCH-NR-1100

Iraganaren erlikia da urtarrilaren 17an, Gasteizen, egiten den San Anton zozketa. Bi mende eta erdiko historia du hospizioa finantzatzeko jaiotakoak, eta gaurkotzeko, aldaketa ugari izan ditu urtez urte.

Urte askoan, urtarrilaren 17a Gasteizko hiru jai handienetako bat izan da, Olarizu eta San Prudentzio erromeriekin batera. Bi mende eta erdi inguru eta aldaketa zein eragozpen ugari gainditu ondoren, San Anton jai handia zozketara mugatu da gehienbat. Aurten, gainera, iaz bezala, ez da umeentzat jai ekitaldirik egingo Plaza Berrian. Zozketa, berriz, mantenduko dute, arratsaldeko 18:00etan, Gasteizko udaletxean.

 

Zozketaren jatorria San Bizente Paulekoaren kalean,  1777an, inauguratu zuten erruki-etxean dago, hura finantzatzeko beharrean hain zuzen. Bere historian zehar, Gasteizko erruki-etxeak helduak eta haurrak artatu zituen, azken hauek 1972ko uztailera arte; eta 1984. urtean, berriz, Gizarte Ongizateko Udal Sailaren menpe geratu zen etxea. Ordutik, San Prudentzio zaharren egoitzaren aldekoa izan da zozketa.

Hain zuzen, 1781eko urtarrilaren 17an egin zen lehenengo San Anton zozketa; eta, esan bezala, horren xedea hospizioa mantentzen laguntzea izan zen. Ordutik eta 2001. urtera arte, zozketa horren lehen saria beti izan da txerria, eta are gehiago, lau txerri ere zozkatu izan dira sasoi onetan. Hala, 1860. urtetik, San Anton egunaren aurreko ostegunean, Arabako txerri-aziendaren lehiaketa egiten zuten, Ganaduaren Merkatu plaza zaharrean –gaur egun Artium museoa dagoen tokian–, eta txerrien lehiaketako lehen sariak ziren ondoren zozkatzen zituztenak.

Halere, opariak garaietara egokituz joan dira. Lehenik, zilarrezko mahai-tresnak, goldeak, txorizoak eta urdaiazpikoak gehitu zitzaizkion txerriari. Berrikiago, 2002an, txerriaren saria txerri-hestebeteak zituen saski batek ordezkatu zuen, eta bidaiak, liburuak, telebistak edo etxetresna elektronikoak eta autoak ere gehitu ziren. Egun, txerria zozkatzen ez badute ere, San Pedro elizara eramaten dute bedeinkatzera, eta Erraldoi eta Buruhandien konpartsa ere joaten da ekitaldira, Udal Musika Bandak lagunduta. 

Halaber, iraganeko ospakizuna gaurkotzeko asmoarekin, Gasteizko Udalak 1994tik, urtero, udaletxean egiten den zozketarekin batera, zenbait ekitaldi egiten ditu San Anton Txiki ospakizunaren barruan. Txokolatezko bi txerri zozkatzen dira Plaza Berrian Haur eta Lehen hezkuntzako ikastetxeen artean, eta, zozketa egin ondoren, jaia egin ohi da plazan, Udal Folklore Akademiarekin eta zezen-suzkoarekin

Chiapaseko txokolatea

San Anton egunarekin batera galdu den tradizio xelebre bat "sokonuskoa hartzea" da. Kalitate handiko txokolate mota bat da sokonuskoa, Mexikoko Chiapas eskualdetik datorrena. Bizkaian, Gabonetako turroi ospetsua egiten dute izen horrekin, baina Gasteizen "sokonuskoa hartzea" txokolatea hartzea da. 

Iraganean, ohikoa zen azukre-koxkorrarekin, gurinezko opilekin eta zapatilazko bizkotxoekin hartzea txokolatea, baita erruki-etxean bertan hazitako txerrien urdaiazpikoarekin ere. Gaur, sokonuskoa desagertuta dago hirian. 

Amurrion, azokarik gabe 

Bertan behera utzi dute Amurrion urtarrilaren 23an ospatzekoa zen San Anton Armuru azoka, Arabako bigarren azokarik handiena. Covidaren bilakera dela eta erabaki dute ekimena datorren urtera atzeratzea. Azokak ehunka baserritar, ekoizle eta bisitari jasotzen ditu urtero. Hala, aski ezaguna da egun horretan egiten den txerriaren eta produktuen enkantea, jende ugarik hartzen baitu parte.Elkartasuna da azokaren helburu nagusia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago