Bideoklipa

'Pasando ratos', Urtziren lehen maketarako atzera kontua

Mikel Buruaga 2022ko urt. 12a, 13:43

Urtzi rap abeslari gasteiztarrak bere lehen maketa argitaratuko du laster. Horren aurrerapen gisa, Pasando ratos bideoklipa kaleratu du urte hasieran.

Zerbait kozinatzen ari da Gasteizko parkeetan. Gazteak rap musikaren soinu klasikoenei eutsi eta abestiak bata bestearen atzean sortzen ari dira. Duela egun batzuk, Krd'Krudoren azken lanari buruz hitz egin genuen atari honetan; Pneuma aurrerapenaren ostean, dagoeneko entzungai dago Archivos de Desván izeneko lau abestiko EPa.

Oraingoan, Krudoren gertuko beste kide bat dugu hizpide. Ezaugarritzen duen bere ahots pisutsu eta urratuarekin, eta erraietatik tirokatutako letrekin, Urtzik bere lehen maketa kaleratuko du "laster", oraindik horretarako data zehatzik iragarri ez duen arren.

Lan horren lehen aurrerapena, Pasando ratos kanta eta bideoklipa, urtarrilaren 5ean argitaratu zuen, asmoen adierazpen gisa eta urte berria behar bezala hasteko. Grabazioa, nahasketa eta masterra HHmaniako estudioan bere kide den Larrik egin du. Bideoa, berriz, Urtzik berak grabatu eta editatu du, bere eta bere zenbait kideren beste lan askotan bezala.

Nolanahi ere, gaztea ez da hasiberri bat eszena honetan, eta bere YouTubeko kanalean topa dezakegun lehen bideoa duela lau urtekoa da. Dagoeneko hogei bideoklip baino gehiago kaleratu ditu Urtzik, eta orain arte egindako ibilbide hori borobiltzeko aukera paregabea izango da maketa argitaratzea.

Gainera, duela gutxi, rap abeslariak, produktoreak eta ikus-entzunezko ekoizleak biltzen dituen Apolo G's kolektiboa sortu du BRN, Larri Larson, Kemena, JLM Beats eta Krd'Krudo kideekin batera. Abenduaren 10ean estreinatu zuten Ahí estoy, proiektu berriaren lehen bolumena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide