Mulixkak bere hirugarren ikuskizuna aurkeztuko du, 'Olentzero'

Erredakzioa 2021ko abe. 23a, 10:00

Ostegunean aurketuko dute 'Olentzero' lana Iradier Arenan. VITAL FUNDAZIOA

Iñaki Lasak, Mulixka Dantza Taldeak, Araba Abesbatzak eta Eresia Orkestrak Olentzero ikuskizuna aurkeztuko dute Iradier Arenan. Guztira, 80 lagun arituko dira oholtza gainean.

Mulixka Dantza Taldeak bere hirugarren ikuskizuna aurkeztu du Iradier Arenan. Iñaki Palacios txistulari eta konpositorearekin batera 2017an Lurra, Ardoa, Dantza eta Iñaki Perurena harri-jasotzailearekin batera 2019an Harria aurkeztu ondoren, hirugarren Iñaki bat sartu dute ekuazioan: oraingoan, Iñaki Lasa irakaslearen laguntza izango dute Olentzero ikuskizunean, Euskal Herriko ikazkin ospetsuenaren inguruko bere ezagutza elkarbanatzeko.

"Iritsi da neguko solstizioa. Oso antzina, eguzkia mendi artean betirako desagertuko ote zen ere beldur izaten zen. Baina orain Olentzerok badaki eguzki berritu bat sortuko dela eta berriro ere izango dugula argia, berotasuna eta esperantza", azaldu dute aurkezpen oharrean. Horrekin batera, ikuskizunaren aurrerapen-bideo bat sortu dute, BigSuals ekoiztetxearen laguntzarekin.

Musikaz, dantzaz, abesbatzaz eta antzezlanez osaturiko Olentzero ikuskizunak Aro Zaharreko pertsonai mitologikoa eta gaur egungo pertsonai magikoa uztartuko ditu. "Ikuskizun sakona da, ondo zaindutako gidoiarekin, pentsaraztearekin batera, ikusle heldua zein txikiena ilusioz beteko dituena. Aspaldian galdutako Olentzeroren eta Gabonetako benetako mezua transmitituko diote ikusleari", aurreratu dute.

Horretarako, 80 lagun izango dira agertokian: Eresia Orkestrako 40 musikari, Araba Abesbatzako 25 abeslari, Mulixka Dantza Taldeko 14 dantzari eta Iñaki Lasa aktore lanetan, Olentzero interpretatuz. Gainera, Arinka Produkzioak taldearen laguntza izan dute proiektua garatzeko prozesuan, baita ikuskizunaren ekoizpenean ere.

Gabon Gaueko bezperan, 19:30ean Iradier Arenako Kultura Bizia gunean aurkeztuko den ikuskizunak ordu eta laurdeneko iraupena du.

Erlazionatuak

Olentzerok, argiari gorazarre

Juanma Gallego 2021 abe 21 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago