Olentzerok, argiari gorazarre

Juanma Gallego 2021ko abe. 21a, 07:00

Ehun lagun inguruk posible egingo dute 'Olentzero' ikuskizuna, dantza, antzezlana eta musika baliatuz. VITAL FUNDAZIOA

Olentzero ikuskizuna emango dute abenduaren 23an, mezu garrantzitsu bat helarazteko asmoz: garairik ilunenetan ere, beti berreskuratzen da argia. Beti izan da horrela, eta hala izaten jarraituko du.

XXI. mendeko tragedia isila da: informazioaren aroan bizi garenez gero, klik baten atzean aurki daiteke nahi adina datu eta azalpen. Sikiera bospasei segundoz informazio horretan arreta mantenduz gero, horiekin erraz osatu daiteke oinarrizko ezagutza bat. Japonieraz esaldi batzuk botatzea edo ukelelea jotzea inoiz baino errazagoa da gaur egun. Jakinduria, ordea, harago doan kontua da. Informazio eta ezagutza hori guztia ondo baliatzea da jakinduria, eta ez da erraz eskuratzen.

Askotan, aurretik bizi izan zirenek sinboloen bitartez kodetu eta transmititu zuten belaunaldiz belaunaldi pilatutako jakinduria, eta, horregatik, gaurdaino heldu diren sinbolo horietako batzuk berrirakurtzen ikasi behar du gizakiak.

Udako solstizioa edo Eguberrien ospakizuna da sinbolo horietako bat. Euskal Herrian, gaur egungo beharretara egokitu eta berrasmatu dugu aspaldiko sinbolo hori. Olentzero izena eman diogu. Baina uste baino askoz gehiago dago normalean opariekin lotu ohi den figura horren atzean.

Aspaldiko mezu hori berreskuratu nahian, Olentzero ikuskizuna prestatu dute Mulixka dantza taldekoek eta beste hainbat lagunek. Zeregin horretan buru-belarri arituko dira ehun artista inguru abenduaren 23an Iradier Arenan.

Mulixka dantza taldeko Josu Sanchezena da ideia eta gidoia. "Egia esanda, eta berak hau ez dakien arren, Iñaki Lasak eman zidan ikuskizun hau prestatzeko ideia", azaldu du. 26 urtez Lasa izan da Olentzero ordezkatu duena Gasteizen. "Harekin harreman estua izateko zortea daukat, eta, egun batean, hizketan ari ginela, kezka bat agertu zidan. Beldur zen Olentzeroren irudia benetako zentzua ez ote zen galtzen ari". Ikazkinaren ordezkari bezala, Lasak urtero aukera zuen mezu bat helarazteko Gasteizko Plaza Berrian bildutako haur eta nagusiei, baina inoiz ez zuen abagunerik mezu sakon bat botatzeko. "Esan zidanez, beti ahalegintzen zen gizarteari mezuren bat helarazten, baina laburra behar zuen". Handik abiatu zen mezuari behar bezalako agertokia emateko ideiaren abiapuntua.

"Olentzero magikoa eta Olentzero mitologikoa uztartu behar ditugu". Josu Sanchez

Hasierako ideia buruan, lanean jarri ziren bi lagunak. Sanchezek gidoiari eta koreografiaren hasierako zirriborroei ekin zien, eta Lasak paper baten gainean jarri zituen Olentzeroren partez jasotako ideiak. Lasak ondo baino hobeto egin zuen, Sanchezi kasu eginez. "Iñaki ezagutzen duten guztiek jakin badakite gauzak oso modu zainduan egiten dituela".

Dantza eta antzezpenaz gain, halako ikuskizun batek musika egoki baten beharra du ezinbestean. Sanchezek argi izan zuen nora jo egarri hori asetzeko. "Irune Martinez de Santos musikariarekin harremanetan jarri nintzen. Konpositorea da, eta Jesus Guridi kontserbatorioan lan egiten du, orkestra zuzendari gisa". Gogotsu hartu zuen proiektua, eta, are gehiago, orkestra berri bat sortzeko zama hartu zuen bere gain. Bestetik, Sanchezek ezinbestekotzat jo zuen Gabonetako ikuskizun batean abesbatza bat izatea. "Ezaguna da Araba Abesbatzak Gasteizko kaleetan sortu ohi duen giro ederra. Haiei ere laguntza eskatu nien".

Duela urtebete izan zen Sanchez eta Lasaren arteko solasaldi hori, eta, orain, ideia hori gauzatzear da, non eta Iradier Arenan. Olentzero eramango dute oholtza gainera. Prestakizunetan, Vital Fundazioaren laguntza izan dutela azpimarratu nahi izan du Sanchezek. "Gako izan dira prozesuan. Beraiek gabe, hau guztia ez zen posible izango".

Iluntasunari aurre

Nondik norakoa izango da ba Olentzerok prestatutako mezu berezi hori? Beharrezko patxadaz eman beharreko ideia horien inguruko aurrerapen bat egin du Iñaki Lasak. Berak ondo ezagutzen du Olentzero, eta baita ikazkinak buruan duena ere. Iradier Arenan saiatuko da mezu hori ahalik eta hobekien helarazten.

Unea bera aintzat hartzekoa da, noski. Izan ere, pixkanaka Eguzkia desagertzera doa, eta neguan iluntasuna izaten da nagusi. "Baina badakigu ere gero Eguzkia bueltan dela. Eguzki berri bat sortzen da, egu berria, hain justu. Eta hori ospatu egiten da".

"Tamalez, gizakia ez da konturatzen bera ere naturaren parte badela". Iñaki Lasa

Olentzeroren arabera, gizateria ere iluntasun une batean dago, eta noraezean dabil. Naturatik aldendu da. Ikazkinak ondo baino hobeto daki hori, Lasaren hitzetan. "Askotan esaten dugu natura zaindu behar dela, baina gizakia ez da konturatzen berea ere badela natura". Gizakia da jaun eta jabe, eta beste guztia harengandik kanpo uzten du. 

"Zoritxarrez, gizakiak baditu nolabaiteko betaurreko batzuk,  eta den-dena ikusten du bere larrutik. Ez du natura aintzat hartzen". Egoera berezi horretan, Gabonek badute irakaspen garrantzitsu bat: iluntasunaren erdian sartuta ere, azkenean argitasuna berriro etorriko da.

Kontakizunei so

"Gero eta gehiago esaten da Olentzero noelizatuta dagoela. Baina, nire ustez, horiek azaleko kontuak dira. Horren kontra ezer gutxi egin dezakegu, munduak bere bidea daramalako", argudiatu du Lasak. Halere, eta mitologia guztiak pertsonek asmatutakoak izan arren, Lasak gogora ekarri du mitologiak asmatu zituztenek zerbait adierazi nahi zutela kontakizun horien bitartez. Norabide horretan, joera bat argi ikusten du, gertueneko eremu geografikoari dagokionez. "Espainiako iparraldean, Asturiasen, Kantabrian edo Galizian... pertsonaiak mendikoak dira, basoari lotuta. Eta Europa iparraldera jotzen badugu, berdina gertatzen da". Lasaren esanetan, horrek argi eta garbi uzten du zuhaitzaren edo egurraren gorespen bat dagoela pertsonaia horien atzean. "Gure kasuan, ikazkina da abiapuntua. Gabonetako festa ospatu nahi badugu, hori gutxienez argi ezagutu beharko genuke guztiok", azpimarratu du Lasak.

Iñaki Lasak gertutik ezagutzen du Olentzero, eta haren mezua helarazi nahi du. VITAL FUNDAZIOA

Sanchezek ere uste du beharrezkoa dela Olentzeroren mezua berreskuratzea. Halere, bi kontzepturekin batera jokatu behar izan du. "Olentzero magikoa mantendu behar dugu, baina Olentzero mitologikoa ere berreskuratu behar dugu". Dantzariak berretsi du naturara buelta egiteko garaia dela, antzinako sinboloen bitartez. Baina, modu berean, esperantzaren aldarrikapen gisa ikusten du ere ikuskizuna. "Horregatik ezin dugu ahaztu Olentzeroren alde magiko hori". Oreka horretan oinarritu du gidoia Sanchezek. "Batetik, umeei disfrutaraziko dien magia egongo da ikuskizunean, baina helduei ere mezu sakonagoa iritsiko zaie". 

Sarreren salmentari erreparatuta, landu duten proposamenak marka guztiak hautsi ditu, eta aurreikuspen asko eragin ditu ume zein helduen artean. Laster ezagutaraziko da emaitza. Oroitu, baina, mezua ondo irakurtzeko magia ere nahitaezkoa izango dela. J.K. Rowlingek Harry Potterrerako asmatutako hitza baliatuz, muggle direnek —ahalmen magikoa ez dutenek—, nekez ulertuko dute mezua. Ezagutza izango dute, bai, baina inolaz ere ez jakinduria.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago