Gasteizko udal langileak gaur bertan hasi da Eguberrietako azoka instalatzen. Iaz Covid-19aren aurka hartutako segurtasun neurri berberekin —edukieraren kontrola, maskararen erabilera eta etengabeko aireztapena—, ostiral honetan, hilaren 17an, 12:00etan irekiko da azoka, eta 35 postu izango ditu Independentzia kalearen eta Urrezko Zeledonen plazaren artean.
Azoka urtarrilaren 6ko 21:30ak arte izango da zabalik, 10:30etik 14:30era eta 17:00etatik 21:30era. Hala ere, hiru salbuespen izango dira ordutegietan: abenduaren 24an eta 31n, 21:00etan itxiko da, urtarrilaren 1ean ez da goizean irekiko, eta urtarrilaren 5ean ez da eguerdian itxiko.
Hogei egun horietan zehar, askotariko produktuak topatu ahal izango dituzte azoka bisitatzera hurbiltzen diren herritarrek: eskuz egindako produktuak, kosmetika naturala, bitxiak, zapiak, dekorazio objektuak, haur jolasak...
Kandelen Gaua
Azokarekin batera, pandemiaren aurretik urtez urte errotzen ari zen beste ekitaldi bat itzuliko da Gasteizera: Kandelen Gaua. Ostiral honetan, hilaren 17an, 13.000 kandelen sugarrek argituko dituzte Alde Zaharreko kaleak.
17:00etatik aurrera kandelak kokatuko dira, eta 18:45etik 19:00etara bitartean piztuko dira, Gasteizko zortzi elkarteren eskutik: Aurrera emakumeen hockey taldea, Goian, Ramon Bajo ikastetxeko Gurasoen Elkartea, Educando Mentes Elkartea, Vicente Ferrer Fundazioa, Esperanza Felina, Manuel Iradier elkarte afrikanista, Gaztedi Rugby Taldea eta Zoroak blusa eta nesken kuadrilla.
Betiere, jakina, Eusko Jaurlaritzaren edo LABIren neurri berriek eragozten ez badute, neurri murriztaile zorrotzagoak ezarriz. Oraingoz, ez da LABIren bilerarik deitu aste honetarako, eta Eusko Jaurlaritzak bihar dekretu berria argitaratuko duen arren, soilik Covid ziurtagiriaren derrigortasunari begirakoa izango dela espero da.