Koronabirusa

Covid ziurtagiria derrigorrezkoa da jada EAEko espazio itxi gehienetan

Erredakzioa 2021ko abe. 15a, 08:30

Covid ziurtagiri digitala euskadi.eus webgunearen bidez lortu daiteke. / ALEA

Gaurtik aurrera, gaueko aisialdiko establezimenduetan ez ezik, taberna, gimnasio, ospitale, egoitza eta espazio itxietan egiten diren kirol zein kultura ekitaldietan ere derrigorrezkoa izango da Covid ziurtagiria erakustea.

Covid ziurtagiria abenduaren 4tik derrigorrezkoa da EAEko zenbait espaziotan, baina Eusko Jaurlaritzaren eskaera berria onartu eta Covid ziurtagiri digitalaren derrigortasuna espazio itxi gehienetara zabaltzeko baimena ematea erabaki du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Hortaz, aurrerantzean QR kodea erakutsi beharko da ostalaritza sektore osoan —diskotekak, kafetegiak, tabernak, jatetxeak...—, gimnasioetan, ospitaleetan eta egoitzetan, eguneko edozein ordutan.

Halaber, ziurtagiria nahitaezkoa izango da espazio itxietan antolatzen diren kirol zein kultur ekitaldietan: antzokiak, zinema aretoak, kontzertu aretoak, kirol zentroak —kiroldegiak, gimnasioak, frontoiak edo saskibaloiko kantxak—, besteak beste. Hala ere, epaileek ez dute onartu aire zabaleko ekitaldietan ziurtagiria derrigorrezkoa izatea, adibidez Mendizorrotza bezalako futbol estadioetan.

Modu horretan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ontzat eman du Eusko Jaurlaritzaren eta Fiskaltzaren ikuspegia. Izan ere, Covid-19 positiboen errekorrak hausten ari garen une honetan, pasaportearen erabilera "beharrezkoa" izateaz gain "egokia eta proportzionatua ere" badela deritzo auzitegiak, egungo datuak kontuan hartuta.

Epaileen erabakiaren ostean, Eusko Jaurlaritzak irizpide berriak indarrean sartu dituen dekretua argitaratu du gaur, abenduaren 15ean.

Covid ziurtagiria: nola lortu eta zertarako?

Aipatutako establezimendu zein jarduera horietara sartu ahal izateko, 12 urtetik gorako herritarrek QR kode bat erakutsi beharko dute, paperean edo gailu digital batean.

Covid-19 ziurtagiria Osakidetzaren webgunean edo Zuzenean zerbitzuko bulegoetan eskuratu daiteke, eta leuegoera aurreikusten ditu: txertoen ibilbidea osatuta izatea, azken sei hilabeteetan gaixotasuna gainditu izana, azken 48 orduetan antigenoen proban negatibo eman izana edota azken 72 orduetan PCR proban negatibo eman izana.

Bestalde, Covid ziurtagiria egiaztatzeko hainbat app daude, derrigortasuna kontrolatu beharko duten arduradunek erabiltzeko, edo norberak bere ziurtagiria ondo dagoela baieztatzeko. Hala ere, gehien erabiltzen ari ari dena Covid Check aplikazio luxenburgotarra da; EAEn eta Espainiako Estatuan, oraingoz, ez da aplikazio propiorik garatu:

Gainera, Osasun Sailak indarrean dagoen araudiari buruzko ohiko galdera eta erantzunen gida plazaratu du egunotan:

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago