Hirugarren urtez jarraian, aurrekontuak aurrera ateratzea lortu dute EAJk eta PSEk, Elkarrekin taldearekin akordioa erdietsita. Ezkerreko koalizioak 30 zuzenketa —3,5 milioi eurotik gora— gehitu dizkio aurrekontu proiektuari; horrela, Gasteizek 410,9 milioi euro izango ditu 2022an.
Oskar Fernandezek (Elkarrekin), Gorka Urtaran alkateak (EAJ) eta Maider Etxebarria alkateordeak (PSE) iragarri dutenez, lortutako akordioak hiru oinarri ditu: "Indarkeria matxisten aurkako borroka, susperraldi ekonomikoan inor atzean ez uztea eta bidezko trantsizio energetikoa bultzatzea".
Akordioaren bitartez, hainbat inbertsio eta neurri zehatz adostu dute hiru alderdiek, besteak beste:
- Birgaitzeko inbertsioak 1,55 milioi eurotan handituko dira, gobernu taldeak aurreikusitako 250.000 euro ingurutik abiatuta.
- Udal eraikinetan energia fotovoltaikoko plakak ezartzeko 160.000 euro.
- Indarkeria matxistaren aurkako programa berria: 150.000 euro.
- Herrandarren kalea bulebar berde bihurtzeko proiektua: 6,5 milioi euro, lehen fasean.
- Eraikuntza proiektuetarako 2 milioi euro: Principal Antzokia (950.000 euro), eta Iradier Arena, Maturana-Berastegi Jauregia eta Goya gasolindegia egokitzeko (milioi bat euro hiru proiektuetarako).