"Pandemiaren unerik okerrena gaindituta, 2022. urtea Gasteizko ekonomia eta gizartea erabat suspertzeko urtea dugu". Asmo horrekin, Gorka Urtaranen udal gobernuak 409.447.291 euroko aurrekontu-proiektua aurkeztu du –457,8 milioiko aurrekontu bateratua, udal sozietateena eta erakunde autonomoena kontuan hartuz gero–.
2021eko aurrekontuan baino 21,4 milioi gehiago, beraz % 5,52ko igoera globala, batez ere hauei esker: diru-sarrera propio gehiago sortzea (+ 2,5 milioi), FOFELaren hazkundea (+22,5 milioi) eta Aldundiak Herrandaren kalea berritzeko jarriko duen finantzaketa osagarria (+ 4 milioi). Lurzoruaren salmentagatiko diru-sarrerak, berriz, jaitsi egin dira iazkoarekin alderatuta.
Azken hamarkadako aurrekonturik handiena da hori, udal gobernuak azaldu duenez, eta udalaren arlo guztietan nabarituko da. Langileen gastuak alde batera utzita, sail hauek nabarmentzen dira: Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintza, 50,85 milioirekin ( % 6,3 gehiago 2021ekoaren aldean); Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak 46,46 milioirekin (% 5 gehiago), Ogasuna 45,56 milioirekin ( % 3,6 gehiago) eta Mugikortasuna eta Espazio Publikoa 32,94 milioirekin (% 11,6 gehiago). Lau arlo horiek dute zuzkidurarik handiena aurrekontu-proiektuan.
Beste arlo hauetan ere bada funts gehiago: Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoa (3,2 milioi euro, iaz baino %1,5 gehiago), Hezkuntza eta Kultura (12,28 milioi, % 33,9 gehiago) edo Kirola eta Osasuna (9,48 milioi, % 8,5 gehiago), hiriko gizarte eta ekonomiari bereziki lotutako sailak.
"Aurreko bi urteetan pandemiak asko baldintzatu du ekonomia. Bi urte horietan, hiru lehentasun nagusitan egin behar izan dugu ahalegin handiena: osasuna, ekonomia eta ongizatea. Orain Agenda Gasteiztarreko lan ildoak berreskuratzeko unea da, gobernuaren sei konpromisoak Gasteiz Europako superhiri bihurtzeko. Horretarako, indar ekonomikoa duen aurrekontua aurkezten dugu, ekonomiaren eta gizartearen susperraldia bizkortzeko urteari begira", adierazi du Gorka Urtaran alkateak.
Aurrekontu-proiektuaren zati handi bat hartzen duten lau ardatz nagusiak hauek dira:
- Hiriko azpiegitura berdeak: Herrandarren kalea eraberritzeko lehen fasea da arlo honetako proiektu izarra, eta 6.500.000 euro bideratu dira horretarako.
- Mugikortasun iraunkorra eta segurua: tranbia Salburura eta Zabalganera luzatzea, txirrindularien mugikortasuna eta terrorismoaren biktimen roimenezko zentroaren ingurunea eraberritzeko lanen bigarren eta hirugarren faseak; 4.917.450 euroko inbertsio globala.
- Gaikako bilketarako eta birziklapenerako politikak: 2022an berrikuntza garrantzitsuak ezarriko dira, garbitzeko eta zaborrak biltzeko zerbitzu berria martxan jarriko baita. Garbiketa, bilketa eta birziklapen arloko jarduerek 41.364.698 euroko gastu bateratua egiten dute.
- Trantsizio energetikoa bultzatzea: arlo honetako jarduketek, eraikinak birgaitzeak eta energia berriztagarrien plana, besteak beste, 1.365.000 euroko inbertsioa izango dute.