Parral tabernan egin dugu hitzordua, elkarren berri bagenuen zeharka. Gizon eder bat Pako, Gasteizen 1976an euskara ikasteko egin zuten Hizketan liburua opari eman didana. Ezin pozago ekin diot solasaldia idazteari.
Gipuzkoako Aizarnako Irure baserrian sortu zinen. Nolakoa zen zure egun bat umetan?
Nire arrebak bederatzi urte, nik zazpi egin berriak; goizean jaiki, arta-zopak gosaldu, zestan katona, doktrina, arbeltxoa eta janari pixka bat hartu, eta egun osorako arreba eta biok mendira ardi-zain. Bertan, ardiek bake pixka bat ematen bazuten, bazkari-pasa hori egin, eskolako lanak, doktrina ikasi, arbeltxoan suma eta restak, eta hantxe, ardiek utziz gero, sakabaletan, txakur izenetan edo dametan jolastu... eta arratsaldean baserrira begira aspertuta zain. Etxera itzultzeko seinalea leihoan zapi handi bat zintzilikatzea izaten zen, edo lehenengo izarra ikusi, edo Santa Engraziko kanpaia entzutea, erlojurik ez genuen eta. Gero etxean merienda-pasa egin, lanak bukatu eta tarterik bazen jolastu, arrosarioa, lezioak zuzendu, afaldu eta ohera.
Erdaraz noiz ikasi zenuen?
Amak apenas zekien eta aitak zerbait jakingo zuen, baina etxeko hizkuntza euskara zen. Bederatzi urtera arte eskolara joan gabe ginen, katona erdaraz zen baina ez nuen ulertzen, arrebarekin jolasten nuen "ezetz jakin nola esaten den...?", "¿Qué tal? Bastante petral!"... Bederatzi urterekin Zestoako Maristasera joan nintzen, ez nuen ezer ulertzen, memoriaz ikasten genuen dena. Gero kalean Zestoan dena euskaraz egiten genuen.
"Euskal Herri mailako itun bat behar da joerari buelta emateko; ilusio berri bat"
Eta hurrengo urtean Oñatira.
Oñatin ulertzen ez genuenok aparte hartu eta azaltzen ziguten, hura guretzat murgiltze eredua izan zen, erdaraz. Ez daukat oroimen askorik, ez txarrik, ez onik, holaxe zen. Lotsa handiak eta une txarrak ere pasatu genituen, urtebete egon nintzen irakasleari komunera joateko baimenik eskatu gabe, ez nekielako nola esaten zen. "Permiso para el excusado" gero ikasi nuen, baina trauma handirik ez. Hamar urte pasa nituen Oñatin, oraindik oñatieraz hitz egin dezaket txantxikuekin. Gasteizen pisuan ere bizkaitarrekin, arrasatear, oñatiar, lesakarrekin... belarria doinu askotara egin zitzaidan..
Hogeita bat urterekin heldu zinen Gasteiza.
Bai, 1967an, oso une polita eta aberatsa tokatu zitzaigun, 30 lagun etorri ginen eta pisutan jarri ginen. Elizan haize berriak zebiltzan, Vaticano II.a, gero Frantziako 68a, Burgosko prozesua, euskara batua... Gasteiza Bizkaia eta Gipuzkoatik lantegiak etorri ziren eta Zaramaga, Adurtza, Arana eta abar sortu ziren. Michelingo greba egon zen, finean, giro aberatsa zegoen, eta gu gazteak ginen eta sozialki lan egiteko gogoz geunden. Pisutan jarri izanak aukera handia eman zigun kaleko jendearekin ibiltzeko, kantatzera joaten ginen, gau eskolak sortu genituen, Iradierren, Judimendin, Aquinasen (klub bat), Jesus Obreroko gazteak... Herrietan ere hasi ginen. Eusebio Osa etorri zen arduradun; gakoa izan zen bera, oso irekia eta ona zen, kritikoa, pentsalaria...
Eta giro hartan utzi zenuen sotana; sinestuna zara?
Bai, gu herriko jendearekin oso gustura genbilen lan soziala egiten, arazo gehiago geneukan elizarekin. Oso modu naturalean sekularizatu ginen. Gaur egun ez naiz praktikantea ezta sinestuna ere, ez naiz debate horietan asko sartzen, errespetatzen ditut bakoitzaren sentimenduak, niri humanismoak ematen dit indar aski.
Euskara arloan aldaketa handia ordutik hona Gasteizen?
Bai, gu etorri ginenean sozialki oso giro aberatsa zen, baina euskararen presentzia oso gutxi kalean. Frankismoa zen, apurka ezagutzen joan ginen erdi isilean halako pisuan Peli Presa zegoela euskara eskolak ematen, Umandi, Izaskun Arrue ikastolan. Vaticano II.az gero Aquinas klubean euskarazko meza bat zegoen, eta haren bueltan elkartzen hasi ginen; gogoa bazegoen euskara ikasteko, eta nahiko azkar 3-4-5 talde osatu genituen Gasteizen. Legutiora, Ubidera eta Agurainera ere joaten ginen... Denbora gutxian mugimendu bat sortu zen: Juan Bautista Gamiz taldea sortu genuen eta gero handik AEK: pixka bat ikasten zuena hurrengo urtean irakasle, diru-Kutxa bat materiala sortzeko... Hona ekarri dut Hizketan liburuxka, 1976an egin genuen jendea hizketan jartzera bultzatzeko; egon naiz begiratzen orain, oso gai sozialak daude, pentsa Martxoaren 3a: langilea, esplotazioa, kapitalista, ekologia, euskara batuaren beharra, eta abar. Gonzalo Fontaneda, Eusebio... Orduan Inportagabeak musika taldean ere bagenbiltzan batzuk, berriki hil den Xeberri, bera zen artista eta Juanjo Uranga eta ni treintatresean. (Pako kantatzen jardun da Zu euskaldun berria haien kanta bat). Gasteiz Kantuz-en gabiltza eta batzuek oraindik esaten didate grabatu behar dugula.
"Batzuk ez ginen hain euskaldun jator edo 'onak': Oskorri, Imanol..."
Abel Enbeitak aldizkari honetan zioen "Zenbat gara euskara kultur hizkuntza izatea nahi dugunok?".
Bai, nork nondik ikusten duen bada aldea. Ni ere askotan frustratzen naiz, baina egiten dena ere baloratu behar da, ez dago besterik: egin eta egin. Jende asko inplikatu da, ezin dugu bakarrik balorazio negatiboa egin, berdin borroka sozialarekin, eskubideekin. Gauzak hobeto joan zitezkeen, administrazioak hutsuneak ditu, herri euskaldunak gehiago euskaraz kontsumitu beharko luke, globalizazioak asko zaildu du egoera... Baina Araban egin den lana oso baloratzekoa eta txalotzekoa da: zineman, kantagintzan, literaturan... Baikor samarra naiz, jende asko dago Araban euskaraz sortzen ari dena. Egia da gutxiengo bat garela hori jaso nahi dugunok. Gauza pila bat antolatzen dira Gasteizen euskaraz, batzuetan eskaintza eskaera baino gehiago ere. Txabi Arnal, Karmele Jaio, Edu Zelaieta, Katixa Agirre, Itziar Rekalde, Paul Urkijo, bertso eskolak... Bestalde, ba bai, 30 kate erdaraz eta ETB1 boxeoa ematen... Kezka asko bai, baina ondo eginak asko ere bai. Baikorregi izaten ez da asko lortzen, baina ezkorrak izanda are gutxiago.
Beharbada euskal abertzaletasuna ez da gehiegi kulturarekin lotu?
Ez da gai erraza, mingarria ere bai. Bere garaian kulturgintzan aritu zen jende multzoa esparru zabalagoa zen esparru abertzalea baino, batzuk ez ginen hain euskaldun jatorrak edo "onak"; Oskorri bat, Imanol bat, literaturan ere... errazegi ematen zen "euskaldun ona"-ren patentea batzuei, eta errazegi erabiltzen zen "españolista" hitza beste batzuentzat. Baina herri hau zerbaiten inguruan eraiki behar bada, euskara eta kultura izan behar da; hori lotuta dago noski ideologiarekin. Euskarari ondoren irakaskuntzan-eta eman zaion tratamendua lotsagarria izan da, murgiltze eredurik ez, sare eta ereduen kontua, segregazioa, publikoaren barruan A eta D, publiko eta pribatu... Egun publikoa eta ez segregatzailea bultzatu beharko genuke, euskara erdigunean jarrita.
Seme-alabak eta bilobak hazi dituzue Gasteizen, sumatu duzu alderik?
Oro har gauza asko aldatu dira. Guk guraso bezala ikastolak sortu genituen; gure kasuan Umandi, esaterako, gure seme-alabei euskarazko irakaskuntza bat emateko borroka egin genuen. Hurrengo belaunaldiak ere hori dena borroka gisa ezagutu du oraindik, Koldo Mitxelena institutua tartean... Baina, era berean, hurrengo belaunaldiak ezagutu du euskararen zabaltze handiago bat, egoera normalizatuxeago bat, zerbait "eginda bezala" ikusten da, betitik hala egon balitz bezala, baita euskara kalerako ez, lanerako behar den zerbait bezala ikusten duen jendea. Gauzak nola ziren kontatzen hasi eta harritu egiten dira. Orain egoera errazagoa eta neurri batean arriskutsuagoa dago. Erabilera aldetik arazo handiak daude kalean, sare sozialetan... Baina, bueno, gure bilobek euskaraz primeran egiten dute. Gure garaiko euskara purua izango zen, baina lau katurentzat zen.
"Gaur egun publikoa eta ez segregatzailea bultzatu beharko genuke"
Eta nondik jo beharko genuke?
Egon beharko litzateke Euskal Herri mailako itun bat instituzio eta herri mugimenduen aldetik: egoera aztertu eta joerari buelta emateko. Akordio berri bat: irakaskuntza ereduak gainditu, erabilera bultzatu, doakotasuna... ilusio berri bat ekarri dezan. Indar batze bat. Orain impasse egoeran gaude, hor ez naiz hain baikorra.
Zuk zure lokuzioekin jarraitzen duzu...
Jarraitzen dut ilusio horiekin. Irakaskuntzan jardun izan naiz beti, eta Iralen nengoela ikusi genuen material gutxi zegoela entzumenerako (Joxe Arratibel eta Atxagaren zerbait), eta orduan hasi nintzen ipuinak grabatzen. Duela hamairu urte jubilatu nintzen, eta orduan erabaki nuen web orri bat sortzea, eta neukan material guztia biltzea. 150 audio-bideo dauzkat, eskoletan erabiltzen dira, hilero 3.000 bat bisita dauzkat eta jarraitzen dut horrekin.
Zure ahotsa zinema munduan ere entzun dugu azkenaldian.
Entzute pixka bat banuen ahotsa zela, eta Miren Aranak hots egin zidan Paul Urkijok behar zuela ahots heldu bat bere Berun arraina laburrerako, Txema Blasco bikoizteko. Pauli ahotsa gustatu eta Errementarirako ere deitu zidan. Niretzat ohore handia izan zen eta oso polita, bai ahotsa estudioan grabatu eta bai fi lmean agertu, zaldi gainean, bueno hori truku batekin kar, kar. Beste labur batzuetan ere hartu dut parte.
Eta zertan zabiltza bestela?
Mintzalagun taldean, pentsionisten borrokan, bizikletaz ibili, lagun artean solasean aritu, familia...