Bertso artean, sariak jaso dituzte Arabako bideo-kopla lehiaketaren irabazleek

Erredakzioa 2021ko abe. 3a, 11:00

Amets Arzallus, Irati Anda, Peru Abarrategi eta Manu Bendalaren bertsoek girotu zuten atzo Arabako bideo-kopla lehiaketaren sari banaketa, Salburua gizarte etxeko aretoan.

Arabako Bertsozale Elkarteak eta ALEAk elkarlanean —Gasteizko Udala, Laboral Kutxa, BAHK eta Elkar erakundeen babesarekin— antolatutako bideo-kopla lehiaketaren azken txanpa amaitu da. Gasteizko Udalak sustatutako Euskararen Astearen barruan, Salburua gizarte etxeko aretoak sari banaketa eta bertso saio paregabea hartu du ostegun honetan.

Amets Arzallus, Irati Anda, Peru Abarrategi eta Manu Bendala bertsolariekin batera, Uxue Diaz de Zerio —gai jartzaile gisa—, Nahiara Eizagirre, Xabier Lasa eta Aintzira Gorosabel —musika eta laguntza eskaintzeko— izan ziren oholtza gainean. Ordubete inguruko bertsio saioa entzuteaz eta saritutako bideo-koplak ikus-entzuteaz gain, talde irabazleek zegozkien sariak jaso zituzten:

  • Arantzabela ikastolako 5. maila (publikoaren saria, 1.902 botorekin): Laboral Kutxak babestutako escape room esperientzia bat, Lautada Puzzle Room-en.

  • Armentia ikastolako 5. maila (bigarren saria, 1.438 botorekin): Elkarrek eskainitako klaserako material sorta, klasearentzat eta ikasleentzat.

  • Bastida bertso eskola eta Ramon Bajo ikastetxea (epaimahaiaren sariak): BAKHeko izotz pistarako sarrerak eta Elkarreko oparia taldekide bakoitzarentzat.

  • Aipamen berezia (Elkarreko materiala): Maeztuko LH5 eta LH6 (Mendialdea), Amaurre ikastetxeko LH5 (Aiaraldea), Izarra Herri Eskolako 6. maila (Gorbeialdea) eta Dulantziko 6A (Lautada).

Azken asteetan "bihurrikeriak" gaiaren inguruan sortutako bideo guztiak ikusgai dira ALEA.eus webguneko atal berezian. Araba osoko 1.820 umek parte hartu dute, eta, orotara, 93 bideo-kopla aurkeztu dira bigarren edizio honetara; gainera, 7.817 boto eman dira guztira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide