Ai Zapotxin maitea. Benetan, ez dago zer egin Arantzabela ikastolako 5. mailako ikasleekin. Intsektu bat sartu dute klaseko kutxa batean, eta, ireki duenean, andereñoak ez du ondo hartu. Puntu bat kendu omen die azterketan. Ea Karmele, arren, ez prebarikatu; puntu bat kentzekotan, egizu portaeran, ez azterketan.
Bihurrikerietan ibilita ere, saria jaso dute: Laboral Kutxak babestutako escape room esperientzia bat, Lautada Puzzle Room-en. Izan ere, klase horretako ikasleak gailendu dira 2021eko bideo-kopla lehiaketako publikoaren sarian. Ez da broma: 1.902 boto jaso dituzte Arabako Bertsozale Elkarteak eta Arabako ALEAk antolatutako lehiaketan —Gasteizko Udala, Laboral Kutxa, BAHK eta Elkar erakundeen babesa izan du ekimenak—. Armentiako ikastolako bosgarren maila geratu da bigarren, 1.438 botorekin. Elkarrek eskainitako klaserako material sorta irabazi dute, bai klasearentzat zein ikasleentzat.
Ez dira izan bihurrikerietan ibilitako bakarrak: Araba osoko 1.820 umek parte hartu dute. Etorkizuna bermatuta duen bertsolaritza sano baten seinale da hori. Orotara, 93 bideo-kopla aurkeztu dira edizio honetara.
Senide eta lagunak noski, mobilizatu dira, eta Whatsapp taldeak sutan ibili dira, beitu zein kopla ederrak, arren bozkatu moduko mezuekin. Webguneak ere nozitu du arrakastak eragindako moteltzea: 7.817 boto eman dira guztira, eta, zenbait momentutan, webgunea estu eta larri ibili da eskari horiek guztiak erantzuteko.
Epaimahaiaren sariak
Publikoaren sariaz gain, epaimahaiak ere bereak eman ditu. Bastida bertso eskolak eraman du sari bat, Janari gerraren ihesa-rekin. Kantatu ez ezik, esan daiteke kopla antzeztu dutela ere. Ramon Bajo ikastetxeko lagunak ere ez dira makal ibili bihurrikerietan, eta horiek zelan egin erakutsi dute. Bilera batean parte hartzen ari zirela, gurasoak gela barruan trangatu dituzte! Haientzako saria: BAKHeko izotz pistarako sarrerak eta Elkarreko oparia taldekide bakoitzarentzat.
Honako taldeek ere aipamen berezi bat jaso dute: Maeztuko LH5 eta LH6 (Mendialdea), Amaurre ikastetxeko LH5 (Aiaraldea), Izarra Herri Eskolako 6. maila (Gorbeialdea) eta Dulantziko 6A (Lautada). Hauek guztiek Elkarreko materiala eramango dute opari.
Ostegunean egingo dute sari banaketa, Salburuko gizarte etxean, Amets Arzallus, Peru Abarrategi, Oihane Perea eta Irati Anda bertsolarien laguntzarekin. Hauek helduagoak izanda ere, ziur bertso afarien ostean konta ezin diren bihurrikerietan ibiliko direla.