Hezkuntza komunitatearen eskaerari erantzunez, jolastokiak naturalizatzeko estrategia sustatzen ari da Gasteizko Udala, IGIren Hiri Azpiegitura Berdearen proiektuaren ildotik. Horren barruan, Txagorritxu haur eskolako jolastokian egindako eraldaketa bisitatu dute Gorka Urtaran alkateak eta Maider Etxebarria alkateordeak.
Egungo zoladura iragazgaitzen zati bat lorategi itxurako landare azalerekin ordeztu da, eta, ondorioz, lurzoru naturala berreskuratu da. Zehazki, 200 metro koadro asfalto eta 75 metro koadro kautxu kendu dira. Horrez gain, 17 zuhaitz, 57 zuhaixka eta 38 landare aromatiko landatu dira, eta belardia erein da. Era berean, muino bat sortu da jolastokiaren egungo topografia aberasteko, eta hiru edukiontzi instalatu dira, urarekin, lurrarekin, harriekin eta zurarekin lotutako jarduerak egin ahal izateko. Haurren jolasak ere aldatu eta egokitu dira, eta zegoen hareatzaren ordez berria jarri da.
Proiektuaren partaidetza prozesua eta idazketa otsailetik maiatzera bitartean egin zen; ondoren, obra ekainean esleitu zen, eta uztailetik azarora bitartean gauzatu da. Kostua 29.000 eurokoa izan da, BEZa barne, IHOBEk eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak hautatu eta finantzatutako programa baten barruan.
Eskola jolastokien naturalizazioa
Txagorritxukoa lehen esku-hartzea izan da, eta hiriko beste ikastetxe batzuetan aurreikusitakoentzat eredu izango da. Aurrera begira, Mariturriko haur eskola izango da hurrengoa grisetik berdera aldatzen; horrez gain, beste lau ikastetxe aukeratuko dituzte 2022an, eta 180.000 euroko partida erreserbatu dute une honetan eztabaidatzen ari den udal aurrekontuaren proiektuan.
"Helburua da eskola komunitateak naturarekin harremana izan dezan ahalbidetu eta sustatzea. Estrategia horrek biodibertsitatea handitzen lagunduko du, eta txoko ekologiko berriak sortzen. Gainera, hiriaren barruko zerbitzu ekosistemikoak berreskuratu eta indartzen ditu", azpimarratu du alkateak, bere konpromisoagatik eskerrak emanez eskola komunitateari.