Angel Ganivet herri ikastetxea, jolastoki inklusibo baterantz

Mikel Buruaga 2021ko ots. 10a, 11:30

Baratza eraikitzeko eta mahaiak jartzeko auzolana. / IZARTEGIA ANGEL GANIVET

Gasteizko Santa Lucia auzoko Angel Ganivet ikastetxeko jolastokia goitik behera eraldatu nahi dute, inklusiboagoa izateko. "Eskola komunitate osoaren lana da; ideia, bilera, auzolan eta, batez ere, ilusio askoren emaitza", azaldu dute.

Lehen Hezkuntzako jolastokiaren eraldaketa prozesu parte-hartzailea gauzatzen ari da Angel Ganivet eskola publikoko hezkuntza komunitatea. Proiektua 2018-2019 ikasturtean abiatu zen, irakasleek, ikasleek eta gurasoek osatutako Berdintasun Batzordearen ekimenez.

Proiektua eskola-komunitateak lortu nahi dituen hezkuntza-ildoen ardatz dinamizatzaile gisa aritzen dela azaldu dute: "Aniztasuna, inklusioa, genero berdintasuna eta arraza, mugikortasuna, ariketa fisikoa sustatzea...".

40 urteko jolastokia

Ikastetxeak 40 urte bete zituen 2020an, eta, patioaren espazioaren diseinua eta banaketa egungo egoera sozialarekin bat ez datozela ondorioztatu zuten.

Hain zuzen ere, horregatik erabaki zuten jolastokia eraldatzea. "Gure eskolako jolastokia ez da jolasleku hutsa", azpimarratu dute. Izan ere, eguerdian ere erabiltzen da jantokira joaten diren ikasleekin, Gorputz Hezkuntzako eta beste irakasgai batzuen eskola orduetan, eskolaz kanpoko ekintzetan, eta arratsaldean familia askok erabiltzen dute topagune bezala.

Serratokia, enborrekin egindako jolasgunea. / IZARTEGIA ANGEL GANIVET

 

Bizikidetza eta berdintasuna

Orain arteko jolastokiak genero karga handia duela uste dute: "Horrek mesede handia egiten die baloiarekin egiten diren joko lehiakorrei, beste espazio eta jarduera batzuen kaltetan".

Hortaz, egungo espazioa elementu natural, jolasgune, atseden eta sozializazio elementu berriekin eraldatu eta egokitzea erabaki dute.

Horrela, besteak beste, ikasleen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko helburua dute. Baita bizikidetza, aniztasuna, berdintasuna eta parte hartzea sustatzeko ere; ez soilik neska eta mutilen artean, baizik eta baldintza sozioekonomikoak, arraza eta aniztasun funtzionala kontuan hartuz.

Gainera, ikasleen, familien eta komunitate osoaren parte hartze aktiboa sustatu nahi izan dute, "patioko kontsumitzaile hutsak izan beharrean ekoizle izatera pasatuz".

Sei gune, lau etapa

Jolastokia eraldatu ahal izateko, eskola komunitate osoak elkarrekin lan egin du, prozesua aurrera eramateko sei gune eta lau etapa zehaztuz.

Lehenik eta begin, analisia eta baheketa egin zuten; hau da, aurretiazko azterketa eta hausnarketa lana. Inkestak egin zituzten familia zein ikasleen artean, jolastoki berriari begira gabezia, behar eta desio nagusiak zeintzuk ziren jakiteko.

Ondoren, proiektuaren diseinuari ekin zioten. Horretarako, jolastokirako proiektu global bat diseinatu zuten, espazio berezituetan banatuz, aldaketak faseka egin ahal izateko:

1. gunea: Aniztasunaren patioa

Jolasgune zabal eta atseden eremu gisa planteatzen da. Antzinako futbol zelaiaren gainean dago, aisialdi eredu integratzaileago baten bilakaera ikur gisa. Zirkulu pneumatiko txikiak eta pneumatiko handiak konbinatu dituzte, kolore anitzekin margotuta, irudimena sustatzeko.

2. gunea: Auzo baratza

Gaur egun Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarekin (CEA) lankidetzan garatzen ari den eremu bat da, albo bateko lorategian kokatuta.

3. gunea: Serratokia

Baratzetik gertuen dagoen lorategian kokatuta, asfaltotik zuhaitz-hegalerako trantsizio eremu gisa planteatzen da; naturarekin kontaktuan dauden jarduerak eta jolasak garatzeko espazio gisa.

4. gunea: Pinudia

Berdeguneko punturik altuenean, triangelu formako pinuz eta malda leunez inguratutako espazio bat sortuko dute, lasai jolasteko eta gune eguzkitsu bat sortzeko. Bidearen ertzetan pneumatiko sorta bat jarriko da, egurrezko kupula geodesiko txiki bat eta tamaina handiko harriak inguratuz. Pinuen kokapena aprobetxatuz, hainbat jolas egingo dira sokekin.

5. gunea: Hegala

Zuhaitz-hegal berdea aprobetxatuz, abentura jarduerak, desnibeleko ibilbide-eremuak, sokak, sareak eta igotzeko espazioak sustatuko dira. Halaber, mendi-magalaren malda erabiliz, erabilera anitzeko harmaila natural bat eta txirrista bat garatu nahi dute; horretarako, sokak, pneumatikoak, enborrak, makilak, egurrezko oholak, ainguraketak, sareak eta mosketoiak erabiliko dituzte.

6. gunea: Mugikortasuna

Azkenik, bizikleten aparkalekuen espazioa handitu eta patineteena egokituko dute, kiroldegiaren albo batean.

 

Hirugarren fasean, proiektua gauzatuko da, Eusko Jaurlaritzak ikasleen artean mugikortasun aktiboa sustatzeko emandako diru laguntzari esker. Hala ere, auzolanari eta hezkuntza komunitatearen borondatezko lanari esker, orain arte proiektuaren zati bat garatu da eta hainbat esku-hartze egin dira dagoeneko.

Azkenik, proiektuarekin aurrera egin eta proiektua garatu ahala, proiektua ebaluatzen joango dira. Alde batetik, urteko planaren adierazleak erabiliko dira; eta bestetik, hezkidetza proiektuaren adierazleak.

Eta ondoren zer?

"Proiektua bizia eta dinamikoa da, eta ikasleen zein familien beharren arabera aldatu eta egokituko da", azaldu dute.

Gainera, une bakoitzean osasun baldintzen eta eskura daude baliabide ekonomikoen arabera egokituko dute faseen aurrerapena eta gauzatzea.

"Garrantzitsuena badaukagu: eskola komunitate osoak elkarrekin lan egiteko eta jolastokia eraldatzeko gogoa. Denon artean eraikitzen dugu eskola", gaineratu dute.

Eskolako horma-irudiak. / IZARTEGIA ANGEL GANIVET

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago