Iturritxu kalearen bikoizketak dakarren "arriskuarekin" amaitzea eskatu dute

Erredakzioa 2021ko aza. 17a, 10:15

Iturritxu kalea, Gasteizko hegoaldeko ekialde-mendebalde ardatzean. / GOOGLE EARTH

Gasteizko hegoaldeko bizilagunek Iturritxu kalearen bikoizketa "Damoklesen ezpata bat" izateari uztea eskatu diote Udalari. Besteak beste, hirugarren edo laugarren erreiak baztertzea, trafikoa baretzea eta eskola ingurune seguruak diseinatzea exijitu dute.

Adurtzakoak eta Hegoaldekoak auzo elkarteek, Adurtza Ikastolako Ikasberri Gurasoen Elkarteak eta Iturritxun 3 Ez plataformak Iturritxu kalearen egoerarekiko kezka plazaratu dute beste behin ere, oraingoan adierazpen bateratu baten bitartez. Kalearen bikoizketa "bizilagunen gainean beti dagoen Damoklesen ezpata bat" dela ohartarazi dute, eta irtenbide bat exijitu diote Gasteizko Udalari.

Izan ere, asfaltatzeko lanak egiteko Esmaltaciones - Mendizorrotza ardatza aldi baterako itxi izanak eragindako "kaosa" ikusita, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek adierazi zuen ez zuela baztertzen Iturritxun beste errei bat gehitzea, BEI martxan jarrita arazorik izanez gero. Horren ostean egindako bilera batean, udal gobernuak ziurtatu zien ez duela espero "eragin nabarmenik" Iturritxu kaleko trafikoan, eta, beraz, ez duela aurreikusten laugarren erreirik gehitzea.

Egoera horren aurrean, Gasteizko hegoaldean ekialde-mendebalde ardatzaren mugikortasunari heltzeko neurriak hartzeko eskaera berretsi dute, "hiria inguru horretarantz hedatzeko plangintza egiten eta azpiegitura berriak abian jartzen jarraitu aurretik". Besteak beste, autoa gutxiago erabiltzeko eta garraio publikoa hobetzeko proposamenak egin dituzte azken urteetan, bereziki lantokietara eta eskoletara iristeko.

Ez lau ez hiru errei

Auzoak urteak daramatza Iturritxu kalea ingurabide bihurtzearen aurkako jarrera adierazten. 2006an egin zituzten lehen mobilizazioak, eta hamabost urte beranduago, mahai gainean jarraitzen duen gaia da oraindik: "Argi utzi dugu berriro ere zein den gure jarrera", azpimarratu dute. Izan ere, sinadurak bildu dituzte, Auzogunean eta Mugikortasuneko Elkargunean parte hartu dute, eta Udalaren osoko bilkuran herri mozio bat aurkeztu dute, besteak beste.

Herri mozioaren helburu nagusia zen "auzo kale gisa diseinatu zen Iturritxu kalea ez zedila bihurtu arriskutsuagoa, osasungaitzagoa eta zaratatsuagoa bizilagunentzat, ikasleentzat edo ibiltarientzat". Oposizioko alderi guztien aldeko botoek mozioa onartzea ahalbidetu zuen, baina auzo elkarteek kritikatu dute Udalak ez zuela "eskaera garrantzitsuena" aintzat hartu: motordun ibilgailuentzako hirugarren erreia kentzea. "Ez orain, ez inoiz: ez lau, ez hiru, Iturritxun autopistarik ez!".

"Hiri osorako nahi duguna"

Plazaratutako oharrean, iazko abenduan osoko bilkurara eramandako mozioan eskatutako neurriak Gasteizko kale askotan ezartzen ari direla azpimarratu dute; horietako batzuk Udalaren ekimenez, eta beste batzuk auzoek eskatuta. Hala ere, Iturritxun egiten diren jarduketetan hori gertatzen ez dela salatu dute: "Nekez ikus dezakegu mugikortasun jasangarriarekiko, ekologiarekiko eta pertsonak erdigunean jartzearen aldeko sentsibilitatea".

"Paperean edozer jar daiteke, baina mantra horiek etengabe errepikatzeak eta aldi berean kontrakoa egiteak edukiz husten ditu erabat", krtikatu dute. "Batzuetan ez da diru askoko inbertsorik eta hirigintza planteamendu handirik behar aurrera egiteko; irudimena, borondatea, parte hartzea eta ausardia baizik. Zergatik ukatzen diote Iturritxuri hiriko beste eremu batzuetarako egokitzat jotzen dutena? Hiri osorako nahi duguna eskatzen dugu auzorako".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago