7.800 herritarrek parte hartu dute Gasteiz Hobetuz programaren bozketan

Erredakzioa 2021ko aza. 29a, 17:30

128 proposamenen artean aukeratzeko, 23.358 boto jaso dira. / Argazkia: @VG_participa

Bozketa fasea amaituta, 7.786 gasteiztarrek eman dute beren botoa Gasteiz Hobetuz programako 128 proiektuen artean aukeratzeko. Asteazkenean, Europa Jauregian, boto gehien lortu dituzten ideiak ezagutaraziko dituzte.

Igande gauean amaitu zen Gasteiz Hobetuz partaidetza-programaren barruan hiria hobetzeko aurkeztutako proposamenenak bozkatzeko epea. Bideragarritasun iragazkia 128 proiektuk gainditu zuten, eta horien artean bere lehentasunak adierazteko aukera izan dute 16 urtetik gorako gasteiztarrek.

Hirugarren edizio honetan, 7.786 lagunek eman dute botoa; pertsona bakoitzak hiru boto eman zitzakeenez, guztira 23.358 boto jaso dira: 4.839 online eman dira, Udalaren webgunearen bitartez, eta beste 2.947 modu presentzialean, gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan, bulego teknikoetan eta Bizan Sareko zentroetan. Hortaz, 2018an izandako partaidetzaren bikoitza lortu du aurtengo edizioak —orduan, 3.368 pertsonak parte hartu zuten—.

Asteazkenean, ekitaldia

Hurrengo urratsa boto gehien jaso dituzten proiektuak ezagutaraztea izango da. Asteazken honetan, abenduaren 1ean, 18:30ean Europa biltzar jauregian egingo den ekitaldi batean emango dute horren berri. Proiektu horiek 2022 eta 2023an gauzatuko dira, Gasteiz Hobetuz programarako aurrekontuetan gordetako hiru milioi euroekin.

Erlazionatuak

128 proposamen Gasteiz hobetzeko

Juanma Gallego 2021 aza 18 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago