Hilaren 28a izango da bozkatzeko azken eguna, eta emaitzak abenduaren 3an aurkeztuko dira. Data horiek ondo markatuta daude Gasteiz Hobetuz programarako hautagaitzak aurkeztu dituzten guztien egutegietan. Auzo elkarte, guraso elkarte eta bestelako talde askotako eragilek landu dituzten proposamenen artean, Gasteizko Udalak 128 hautatu ditu, eta, orain, gasteiztarren esku egongo da erabakitzea horietatik zeintzuk lehenetsi.
Udalak hiru milioi euro bideratuko ditu aurrekontu parte hartzaile hauen bitartez aukeratuko diren proiektuak aurrera eramateko. Dena ondo bidean, 2022ko eta 2023ko aurrekontuetan txertatuta joango dira.
Udalak onetsi dituen hainbat balio aintzat hartzen dituzten proposamenen aldeko botoek pisu gehiago izango dute prozesuan, haztapen prozesu baten bidez. Horrela, zenbait hautagaitzen aldeko botoek puntu bat balio dute, baina beste hainbatek 1,1; 1,2 edo 1,3 puntu balio dute. Belaunaldien arteko bizikidetza, generoen zein kulturen artekoa edota aniztasun funtzionala aintzat hartzen dituzten proposamenak dira kontuan hartu diren irizpidetako batzuk. Bestetik, nolabaiteko sailkapena erraztu aldera, udalak lau ataletan banatu ditu proposamen horiek guztiak: ingurumena, aisialdia, segurtasuna eta gai soziokulturalak biltzen dituen laugarren atal bat, hain justu.
128 proposamen horiek askotarikoak diren arren, lau dira haztapen gehien eskuratu dituztenak. Hortaz, aukeratuak izateko abantaila bat badute aurretik, horien aldeko boto bakoitzak bider 1,3 balio duelako.
Horietatik lehena Borinbizkarrean jolas parke bat egiteari dagokiona da. Proposatzaileek nabarmendu dute sektorean ez dagoela entretenimendurako eta jolaserako eremurik, gaur egun zortzi urte ingurura arteko haurrentzako parkeak baino ez daudelako. "Baina auzoko biztanleak hazi egiten dira, eta beste leku mota batzuk behar dituzte", nabarmendu dute.
Bide seguruak
Salburuan eskola bide seguruak lortu nahi ditu bigarren proposamen batek. Bertan, "azterketa sakon bat egiteko" eskatzen dute, haurrek ikastetxeetara joateko bide seguruak izan ditzaten. Hiru ikastetxeetara ez ezik, etorkizuneko institutua ere kontuan hartuko lituzke azterketa horrek. Gogora ekarri dutenez, auzoa "espazio ireki handiekin eta autoentzako etorbide handiekin" diseinatu zen, baina horrek bide segurtasunari lotutako arazo larriak ekar ditzake ere.
Udalak hiru milioi euro bideratuko ditu aurrekontu parte hartzaile hauek gauzatzeko
1,3 haztapenarekin abiatu den hirugarren proposamenak Zabalganeko "auzo bizimodua bultzatzea" du helburu. Neu be banabil izena eman diote zeharkako ikuspegi batetik askotariko alorrak aintzat hartzen dituen proposamenari: ekonomia, harreman sozialak edota kultura. Lan ildo nagusiak honakoak lirateke: "adinen arteko bizikidetza bultzatzea, genero berdintasuna lantzea, euskararen erabilera sustatzea, kultura aniztasuna eta aniztasun funtzionala kontuan izatea, eta inklusiotik lan egitea".
Laugarren hautagaitza Odon Apraiz ikastolako patioa Zaramaga auzorako "gune edo bizikidetzarako gune bihurtzeko" proiektua da. Prozesu parte hartzaile batekin definitu nahi dute hori nola egin. "Patioa gune irekia eta komunitarioa izatea nahi dugu".
128 proposamenen artean hautatzeko prozesuan 16 urtetik gorako gasteiztar guztiek parte hartu ahalko dute, online edo modu presentzialean.
Abenduaren 3an argitaratuko dituzte proiektu irabazleak, eta horiek gauzatuko dira "aurrekontu erabilgarria agortu arte", udalak emandako informazioaren arabera. 945161687 telefonoan edo gasteizhobetuz@vitoria-gasteiz.org posta elektronikoan jaso daiteke gaiaren inguruko nahi adina informazio.