Igande goizaldeko 04:00ak baino zertxobait lehenago, hiritar batek Dato kalean jazotako gertakari baten eta uneko egoeraren berri eman zion Udaltzaingoaren patruila bati. Ustez, 27 urteko gizonezkoak bere bikotekideari eraso egin zion.
Udaltzainak bertaratu ziren, eta, bikotearekin hitz egin ondoren, gizonezkoa atxilo eraman zuten. Igandean utzi zuten epailearen esku.
Atxiloketa berri hori azaroaren 25ean, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Egunean, indarkeria matxistaren kontra egindako mobilizazio jendetsuetatik bi egunetara iritsi da. Bertan, "indarkeria matxistarik gabeko bizitzak" aldarrikatu zituen mugimendu feministak. Bitartean, eraso matxistek eta horiekin lotutako atxiloketek bata bestearen atzean iristen jarraitzen dute.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.