Lekuko pribilegiatuaren ahotik entzun du Koldo Alijostesek Txabi Etxebarrietaren ihesaldia eta heriotza nola gertatu ziren, Etxebarrietarekin batera Bentaundin gelditu zuten seiscientosaren barruan bere osaba Eduardo baizihoan. 'Bizitzak' eleberrian jaso ditu Alijostesek Euskal Herriko historiaren pasarte hori eta beste asko. "Nire etxekoek barru-barrutik bizi izan zituzten 36ko gerra eta frankismoa, ez ziren ikusle hutsak izan".
Nola sortu zen eleberria idazteko asmoa?
Etxe askotan gertatzen den bezala, bazkarietan edo afarietan familiako istorioak kontatzeko ohitura zegoen nirean. Aita, Gregorio, oso kontalari ona zen; Francisca ama ere, baina gutxiago. Gaztetan ez diozu erreparatzen, baina helduaroan pentsatzen hasten zara historia hori galduko dela, eta nire ondorengoentzat familiako historia gorde nahi nuen.
Liburu baten formarekin?
Bai. Familiako historia idaztea pentsatu nuen, eta horretarako aita eta ama grabatu nituen. Ondoren, liburuxka bat idatzi nuen, eta urrezko ezteiak bete zituztenean hiru ale atera nituen: bat haientzat, beste bat anaiarentzat eta beste bat niretzat. Opari moduan.
Baina liburu hori ez da familia artean geratu.
Behin, Asun Garikanorekin nengoela, bere aita eta nirea Tolosakoak direnez, liburua utzi nion aitak irakur zezan, eta Bernardo Atxagak ere irakurri zuen. Esan zidan bertan kontatzen diren gauza asko ez direla bakarrik familiaren istorioak, Euskal Herrian gertatu diren gauza inportanteak daudela, eta ea argitaratzea nahi nuen.
"Boteretik memoriaren ildo bat ezarri nahi digute, eta badago beste historia bat kontatu ez dena"
Beraz, jatorrizko opari horretatik abiatu zara 'Bizitzak' idazteko?
Audioak berreskuratu ditut, aita jada hilda dagoelako. Pentsa ezazu, aitaren ahotsa entzutea... Hunkituta geratu nintzen alde batetik, eta beste alde batetik pentsatu nuen aurreneko liburuxka hirugarren pertsonan idatzita egon arren, familiaren historia lehenengo pertsonan kontatuta, aitaren ahotsarekin, askoz indartsuagoa eta askoz biziago izango zela. Beraz, hiru plano dira: aitaren eta amaren hitzak bere horretan eta nik kontatzen ditudan istorioak lehen pertsonan. Gerra aurreko, 36ko gerrako eta frankismoko istorioak bildu ditut, eta familiakoak kontatzen ditudan bitartean gizartean zer gertatzen den azaltzen dut.
Familiak gorde dituen oroitzapenen artean sorpresak aurkitu dituzu?
Sorpresak baino, gauza latzak. Liburuan pasarte gogorrak daudela esan didate. Garai horietan, frankismoan eta gerra ostean bizi izan zirenak gogorrak izan ziren. Gainera, zure familiaz idazten ari zara. Ez dakit nongo herrialdetan kontzentrazio eremuetan jendea sufritzen dagoela kontatzen dizutenean hunkitu egiten zara, baina hura urrun dago; zure familiakoak direnean hori sufritu dutenak, bestelako sentimendu batekin idazten duzu.
Txabi Etxebarrietaren hilketa, Burgosko epaiketa... eta zure familia tartean?
Familia guztietan daude kontuak kontatzeko, baina nire familian historia barru-barrutik bizi izan dute, ez dira ikusle soilak izan. Hasita 36ko gerratik; nire aitona gerrara joan zen, familia eta lana utzita, eta nolabait gertaera horrek, gerrak, Euskal Herrian ondorio latzak utzi zituen. Frankismoan ere nahiko sartuta egon ziren. Nire izeba-osabek Txabi Etxebarrieta ezagutzen zuten; Jokin Gorostidiren bidez ezagutu zuten. Etxebarrietak Pardines Adunan hil zuenean, Tolosara joan ziren bera eta Sarasketa, Eduardo eta Juli nire osaba eta izebaren etxera. Osabak seiscientos bat zuen eta Sarasketa eta Txabi eraman zituen Ataunera. Pentsatzen zuten kontrolak oraindik ez zituztela jarrita izango, baina bazituzten eta Bentaundin gelditu egin zituzten. Nik, egia esan, Txabiren heriotza nire familian kontatzen den bezala ez dut inoiz idatzita ikusi.
Nola kontatzen dute?
Bentaundin gelditu zituzten. Osaba zihoan gidatzen, Txabi zihoan aurrean eta atzean Sarasketa. Kotxetik atera eta Txabik pistola berehala atera nahi izan zuen. Poliziak mugimendu arraroa ikusi zuenean Txabirengana joan zen, inguratu eta indarrez heldu zuen, pistola ez ateratzeko; bitartean, Sarasketak tiroka alde egin zuen, eta beste polizia bat haiengana joan zen; pistola bien artean sartu zuen, eta berbertatik tiro egin zion Xabiri, sabelean. Osaba hantxe zegoen, bere seiscientosaren bolantean begira, eta hori ikusi zuenean martxan jarri zen, ihes egin zuen eta Amezketara etorri zen. Nik nola etorri zen ikusi nuen, kotxearen leihatila puskatuta eta aurpegi zurbil batekin...
Aita, osaba eta izeba atxilotu zituzten orduan?
Aitak kontatzen du osabaren orroak entzuten zituela ondoko ziegan, egiten zituen garrasiak... Osaba bisitatzera joan zen izeba, eta bertan zegoenean esan zioten: "¿Ah, tú eres Julia Alijostes, el perejil de todas las salsas? Pues tú también te quedas, maja", eta barrura sartu zuten. Burgosko epaiketan egon ziren eta izeba deportatuta egon zen, Jaenera eraman zuten, Navas de San Juanera; kuartelean egunero fitxatu behar zuen.
"Txabiren hilketa nire familian kontatzen den bezala ez dut inoiz idatzita ikusi"
Familia asko identifikatuta sentituko dira zure historiarekin.
Tolosaldean kokatuta dago, eta hango jendeak eta garai hori bizi izan dutenek bere barruan sentitu dute. Baina nik uste dut Euskal Herrian garai horietan edozein herritan frankismoko eta gerrako kontuak ezagutu dituztenak oso identifikatuta sentitzen direla egoerarekin.
Memoria historikoaren ariketa bat egin nahi izan duzu?
Boteretik memoriaren ildo bat ezarri nahi digute, eta badago beste historia bat kontatu ez dena. Liburuan hori dago, hain zuzen, familia baten historia eta memoria. Etxe bakoitzeko historiarekin egiten da historia handia. Gertatu izan zait liburua irakurri duen lagun bat baino gehiago animatu dela orain bere familiari grabatzen. Hori oso polita da, familiaren ondare garrantzitsu hori gorde behar da. Nire alabak gauza hauek oso urrun ikusten ditu, institutuko ikasleek ere ez dakite 36ko gerran eta frankismoan zer gertatu zen. Transmisioaren etena dago, eta irakaskuntzan lehengo eta oraingo belaunaldien artean lotura egin behar dugu, oinarrizkoa baita etorkizunera begira.