Apasos auzian indarkeria matxistaren "konplize" izatea leporatu diote Urtaranen gobernuari

Erredakzioa 2021ko aza. 22a, 11:00

Adierazpen bateratua plazaratu dute Apasos elkarteak eta mugimendu feministak. / G.M.F.

Udal gobernuak Apasos auzian indarkeria matxistarekin erakutsitako "konplizitatea" eta "indarkeria instituzionala" salatu dute mugimendu feministak eta Apasos elkarteak, azaroaren 25aren atarian plazaratutako adierazpen bateratu batean.

Ostegun honetan, azaroaren 25ean, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Eguna ospatuko da. Egun horretan, Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain lelopean, Euskal Herrian deitutako mobilizazioez gain —Gasteizkoa 19:00etan abiatuko da Iparralde gizarte etxetik—, Gasteizko mugimendu feministak eta Apasos elkarteak irakurketa bateratua plazaratu dute, udal txakurtegian gertatutakoaren harira.

Besteak beste, "indarkeria instituzionala" erabili izana leporatu diote Gasteizko Udalari. Izan ere, 2018ko udaberri-udan, Armentiako udal txakurtegiko langile batengandik sexu abusuak, umiliazioak eta tratu iraingarriak salatu zituzten zazpi emakume boluntariok. 2019ko irailean, gertakari horien berri izan zuten udal arduradunek, baina kasua 2020ko uztailean atera zen argitara.

Orduz geroztik, Udalaren eta Apasos elkartearen tirabirak bata bestearen atzean iritsi dira, bai txakurtegian bertan —Udalak lankidetza hitzarmena eten egin zuen— eta baita epaitegietan ere. Gainera, prozesu judizialean nobedadeak izan dira azken asteetan: Arabako Probintzia Auzitegiak kargu orotatik absolbitu du animalien babeserako elkarteko presidentea, Udalaren salaketaren harira deliturik egon ez dela iritzita.

"Gorka Urtaran alkatearen Gobernuak berriz biktimizatu eta zigortu ditu emakume horiek; ez du inoiz inolako erantzukizunik hartu", adierazi dute mugimendu feministak eta Apasos elkarteak, ohar bateratuan. "EAJ-PSE gobernuko ordezkariek ez dituzte udal instalazio batean erasotako emakumeak babestu, eta erakutsi dute ez dutela haien hitza sinesten".

Udala "entzungor"

"Abusatzailearen berehalako nagusiek eta Osasun Publikoaren Unitateko buruak abusuen berri izan zuten; ikerketa judizialean Kiroletako eta Osasuneko zuzendariaren izena atera da, eta badirudi haren berri ere izan zuela", kritikatu dute adierazpen bateratuan. "Horrek adieraziko luke haren zuzeneko buruak, Kiroletako zinegotziak, Berdintasuneko zinegotziak (Indarkeria Matxistaren Udalaren Protokoloaren aplikazioarengatik) eta Gorka Urtaranen alkateorde eta oso gertukoa den Iñaki Gurtubaik ere bazekitela. Inork ez zuen ezer egin, indarkeria jasan zuten emakumeen eskaerei entzungor eginda".

"Abusatzaileak txakurtegiko beste langile batzuek, txakurtegiko arduradunek eta Apasos Animalien Babeserako Elkarteko arduradun ohiek ezikusiarena egin zutelako egin ahal izan zuen egin zuena. Guzti horiek egoera ezagutzeko datuak zituzten, eta inoiz ez zioten garrantzirik eman boluntarioak jasaten ari zirenari. Erakundeek ez dute erantzukizunez jokatu eta ez dute egoera horri erantzun egokia ematen jakin: Udalak eta Emakundek ez dute erasotutako emakumeekin keinurik txikiena ere izan, nahiz eta horretarako aukera ugari izan".

"Kaltea erreparatzeko lan egin beharrean, biktimek beren eskubideak eskatzeko hartutako erabaki ausartak Udalaren zigorra ekarri die", salatu dute. "Gobernuak kendu egin die beren militantzia animalista udal-txakurtegian garatzeko aukera, eta zigortu egin ditu Apasosen iritziz animaliei tratu txarrak ematen dizkieten jarduketekin. Jarrera hori Urtaranen taldea emakume animalistei eragiten dien kalte psikologikoa jakitun izanik ematen da".

"Indarkeria instituzionala"

Indarkeria matxista "bizitzaren esparru guztietan agertu eta presente dagoela" eta bere jatorria "egiturazkoa" dela azpimarratuz, Apasos auzian gertatutakoak "indarkeria instituzionala ezin hobeto" erakutsi duela salatu dute. "Ez du balio azaroaren 25ero txapa moreak janzteak, udal gobernuko kideek ia ziur egingo duten bezala, gero urtean zehar etxe barruan indarkeria onartzen eta iraunarazten bada. Berriro ez errepikatzeko exijitzen dugu, eta egoeraren erantzuleak zeintzuk diren adierazi dezan, zazpi boluntario horiek pairatutako biolentzia benetan erreparatua izan dadin".

Mugimendu feministak eta Apasos elkarteak gogorarazi dutenez, alkateordea eta hiru langile daude ikerketapean, udal txakurtegian jazotako eraso matxisten ondorioz. "EAJ eta PSE: ez al da hau zuen erantzukizuna saihestuz egiten dituzuen diskurtso publikoetan eta argazkietan aldarrikatzen dituzuen mezuak praktikan jartzeko aukera?", galdetu diote udal gobernuari. "Hau indarkeria instituzionala da, indarkeria matxistaren konplize zarete".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago