S.A., Anestesia, Angelus Apatrida eta Proudzen kontzertua, otsailaren 5ean

Erredakzioa 2021ko aza. 25a, 12:05

Soziedad Alkoholika, Anestesia, Angelus Apatrida eta Proudz taldeak arituko dira. / Arg: S.A.

Data eta esparru berriak ditu Soziedad Alkoholika, Anestesia, Angelus Apatrida eta Proudz taldeek Gasteizen emango duten kontzertuak. Ez da abenduaren 11n Iradier Arenan egingo, baizik eta otsailaren 5ean Mendizorrotzeko kiroldegian.

Pandemiaren azken asteetako bilakaeraren eta Eusko Jaurlaritzaren irizpide berrien ondorioz, bata bestearen atzean iristen ari dira atzeratutako edo bertan behera utzitako ekitaldien albisteak. Azkena: Kultura Biziak iragarri du Soziedad Alkoholika, Anestesia, Angelus Apatrida eta Proudz taldeek abenduaren 11n Iradier Arenan eskaini behar zuten kontzertua atzeratu egingo dela eta lekuz aldatuko dela, "arrazoi logistikoak, egiturazkoak eta pandemiaren egoera dela eta".

Data berria otsailaren 5a izango da, Mendizorrotzeko kiroldegian. Gainera, antolatzaileek —Entzun, Kultura Bizia, HFMN Crew, Jimmy Jazz eta Hontza Produkzioak— azaldu dute jaialdiak sold out egitea lortu duela, sarrera guztiak agortu baitira.

Sarrera lortu zuten zortedunek data eta espazio berrirako gorde ahal izango dute. Sarrera lortu baina data berrian joaterik ez dutenek, ordea, abenduaren 9ra arte izango dute horiek itzultzeko aukera, sarrerak@kulturabizia.eus helbide elektronikoaren bitartez. Azkenik, Kultura Biziak jakinarazi duenez, itzultzen diren sarrerengatik libre gelditzen diren lekuak baliatuz, abenduaren 10ean sarrera berriak jarriko dira salgai.

"Eskerrik asko pandemia osteko lehen metal jaialdi handi hau babesteagatik; hau egunen batean amaitzen bada...", adierazi dute kontzertuaren antolatzaileek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago