Orain arte Aretxabaleta-Gardelegi gisa ezagutu izen den Gasteizko 19. sektoreak izen berria du: Goikolarra. Parte hartze prozesu baten ondoren auzokideen artean egindako aukeraketa izan da. Ia botoen %40 eskuratu du izenak.
Atzo ezagutarazi zuten izen berria. Ofiziala izateko, udalaren oniritzia jaso beharko dute orain, baina ez da ezustekorik espero, Arelegi Auzo Elkarteak udalaren laguntza izan duelako prozesuan. Orotara, 555 boto jaso dituzte: auzko biztanleen laurdenak baino gehiagok parte hartu dute bozketan.
Auzoan dauden toponimoen artean egin dute aukeraketa, baina saiatu dira ere izen sinplea eta erraza izaten, eta auzoko ezaugarri geografikoak ere errespetatzen saiatu dira.
Aurretik egindako hautapen prozesu baten ondoren, sei izen proposatuak zituzten. Goikolarra izenaz gain, Errotalde, Ezkerribai, Okelu, Sarrinko eta Tximisoste izan dira finalistak. Elena Martinez de Madinak eta Henrike Knörr adituen Toponimia de Vitoria lanean oinarritu dira, irizpide historikoak errespetatu aldera.
Deklinabidea erraza izatea ere nahi izan dute hasieratik. Halere, oraindik argitzeko dago deklinabide hori nolakoa izango den. Gasteizen, izaera geografikoa duten toponimo gehienen kasuan, artikulua duten izen gisa hartzea izan da orain arteko joera. Hortik abiatzen dira batzuetan horrenbeste zalantza eta buruhauste sortzen dituzten Mendizorrotzeko, Araneko, Aranbizkarreko edo Zabalganeko bezalako deklinabideak.
Oraingoan, behin betiko izendapenak ebatzi beharko du bertan bizi direnak Goikolarrean ala Goikolarran ote dauden. Momentuz, Goikolarrako Arelegi Auzo Elkartean Goikolarran bizitzearen alde azaldu dira. Baina, jakina denez, Euskaltzaindiaren bideak ezin asmatuzkoak dira, Jainkoarenak bezala.