Araneko jaiak?

Koldo Biguri 2017ko uzt. 31a, 10:12

"Nik, filologoa izan arren, ez daukat hain garbi auzi honetan filologiari dagozkion irizpideak bakarrik erabili behar direnik, edo, hobe esanda, etimologiari dagozkion irizpideak soilik".

Berriaren Estilo-Liburuak Gasteizko auzoei buruzko sarrera berritu du arestian, (-a) sinboloa jarriz a itsatsia duten leku-izenetan, izen horiek egoki den bezala deklinatzeko. Horrela, Arana auzoaren izena "haran+a" izanik, irizpide filologiko zuzenei jarraituz, "Araneko", "Aranera" eta abar esan beharko genuke.

Irizpide horiei men eginez, Gasteizko Udalak sistematikoki erabiltzen du "Mendizorrotzeko igerilekuak", "Zabalganeko gizarte-etxea", eta abar; bide horretatik, "Zabalganean bizi" ere esan beharko genuke... eta ez dut uste Gasteiz osoan holakorik esaten duen inor dagoenik, edota "Araneko jaiak" esaten duenik. Interneten, gol askorengatik irabazten dute "Aranako jaiak" bezalakoek, adibidez. Eta, golak aipatuta, Alavesen euskarazko testuetan ezbairik gabeko "Mendizorrotzan" eta "Mendizorrotzara" ikusten dira bakar-bakarrik.

Nik, filologoa izan arren, ez daukat hain garbi auzi honetan filologiari dagozkion irizpideak bakarrik erabili behar direnik, edo, hobe esanda, etimologiari dagozkion irizpideak soilik. Egia da, bai, euskara galdu ez den lekuetan, Azkoitian edo Azpeitian, adibidez, "Azkoitiko" edo "Azpeitiko" esan dutela beti eta esaten dutela oraindik. Baina, zoritxarrez, Gasteizek eta Arabako leku gehienek euskara galdu egin zuten eta orain ari gara biziberritzen, eta horregatik gure toponimia euskalduna ezinbestez fosilduta geratu da, eta horren ondorioz egiten zaigu hain gogor "Araneko jaiak" esan-ikustea, eta zalantza izpirik gabe erabiltzen da "Aranako Txirrindulari Taldea", adibidez. Hori hala da fosilizazio horrek balio semantiko gehiena kendu dielako leku-izen horiei: Arana auzoa aipatzen dugunean inork ez du han inolako haranik ikusten; mendi zorrotz bat egon badago udal igerilekuen barruan: niretzat txikitan "monte del pico" zena... baina ez dut uste askok dakitenik hortik datorrela toponimoa. Era berean, ez dut uste inork Zabala izeneko leku baten gaineko alderdia ikusten duenik Zabalgana izenean, edo haran baten bizkarra Aranbizkarra auzoan, horiek denak esanahia galdutako izen fosilak direlako.

Antzeko desemantizazio-fenomenoa (esanahia galtzea) gertatzen da abizenekin: Etxeberri deitzen denarekin inoiz ez dugu erabiltzen a itsatsia, ez dugu esaten "Etxeberriari esan", "Etxeberriri" baizik, abizenaren jatorri etimologiko garbiak desemantizazioa jasan duelako.

Ez dakit arrazoi aski diren hauek batez ere Gasteizko euskaldunen hizkuntza-ohiturak orain zuzentzen hasteko, zuzentasun etimologiko hutsari begiratuz. Hala balitz, gainera, askoz aldaketa sakonagoak ere egin beharko genituzke Gasteizen eta Berriaren Estilo-Liburuan: Arantzabela beharrean, Aransabel(-a) izan beharko litzateke, adibidez; edo "Judimendin" esan beharrean "Judimendian" esan beharko litzateke.

Preskriptibismoa indarra galtzen eta deskriptibismoa aldiz irabazten ari den aro honetan, hau da, araua beti erabileraren gainetik jarri beharra hain irizpide sendoa ez dirudien garaiotan, agian ondo legoke zorrotzegi ez jokatzea eta Arautzaindiaren gomendioen gainetik "Aranako jaiak" lasai esan edo idatzi ahal izatea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago