Batanen salatutako erasoa faltsua izan daitekeela uste du Ertzaintzak

Erredakzioa 2021ko aza. 3a, 09:00
Ustezko erasoaren aurrean Gure Batan auzo elkarteak deitutako elkarretaratzea. / @DenisItxaso

Hamar eguneko ikerketaren ostean, Ertzaintzak ez du topatu "gazte magrebtarren" arrastorik aztertutako grabazioetan, eta Vox-eko hautagai izandako emakumearen salaketa faltsua izan daitekeela uste du.

Eldiario.es eta EITB hedabideek aurreratu dutenez, "lau gazte magrebtarren" erasoa salatu zuen emakumea ikertzen ari da Ertzaintza, salaketa faltsua izan daitekeelako. Izan ere, 30 urteko salatzaileak —Begoña L.V., Vox-en hautagaia 2015eko foru hauteskundeetan— erasoa Batan auzoko eremu jakin batean urriaren 24ko goizaldean gertatu zela berretsi duen arren, hamar eguneko ikerketaren ondoren, Ertzaintzak ez du inolako zantzurik aurkitu.

Are gehiago, ez dute lau laguneko talderik identifikatu ustezko gertakarien lekuan, ezta ingurura hurbiltzen edo handik urruntzen ere; oraingoz, grabazioetan soilik emakumea identifikatu ahal izan dute, bera bakarrik.

Ertzaintzak inguruko segurtasun grabazio ugari aztertu ditu: besteak beste, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritza, hainbat kamerarekin eta 24 orduz Guardia Zibilaren zaintzapean; Ajuria Enea jauregia eta Lehendakaritzaren egoitza, biak Ertzaintzaren zaintzapean; osasun eta egoitza zentro pribatu bat, Araba Klinika izandakoa; eta, azkenik, Osakidetzaren egoitza nagusia. Gainera, inguruko etxebizitza askok bideozaintza sistemak dituzte.

Adierazpen xenofoboak

Ustezko erasoak erreakzio ugari eragin zituen urriaren 24an bertan, baita hurrengo egunetan ere. Gure Batan auzo elkarteak elkarretaratze bat deitu zuen auzoan, eta bertan izan ziren, besteak beste, Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzaina, Laura Garrido PPko idazkari nagusia eta Udaleko udal taldeetako hainbat kargu.

Bitartean, Vox-eko kideak elkarrizketa bat eman zuen Toro TV telebista ultraeskuindarrean, eta adierazpen xenofoboak egin zituen bertan. Besteak beste, salatu zuen tokiko komunikabideetan salaketaren funtsezkoena —ustezko erasotzaileak "magrebtarrak" zirela— alde batera uzten ari zirela, edo gazte horiek "herrialdetik alde egin" behar zutela. Gainera, kritika gogorra egin zien Irene Montero ministroari eta mugimendu feministari, ustez gertatutakoa indarkeria matxistarekin nahastuz.

Testuinguru horretan, beraz, asmatutako erasoa izateko aukera mahai gainean dago, eta Vox alderdi ultraeskuindarraren estrategia xenofoboaren barruan fake news bat sortzeko helburua izan lezake.

Salaketa faltsua

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun Saileko sailburuak, Bizkaia Irratian egindako elkarrizketa batean, baieztatu du Ertzaintzak ez duela salaketari eusteko frogarik lortu; are gehiago, ikertutakoa kontakizuna gezurtatzen duela ziurtatu du.

Hortaz, emakumea auzipetzeko aukera aurreratu du, ustez salaketa faltsu bat eta delituaren itxura egitea egotzita; sei eta hamabi hilabete bitarteko isunarekin zigortutako delitua da hori.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide