Emakume bat kolpatu dute hainbat gizonek Batan auzoan

Erredakzioa 2021ko urr. 25a, 11:19

Erasoa ari da ikertzen Ertzaintza. ALEA

Erasoa igande goizaldean gertatu da, eta emakumeak osasun arreta jaso behar izan du. Gure Batan elkarteak kontzentrazioa deitu du gaur.

Zenbait komunikabidek asteburuan zabaldu duten informazioaren arabera, 30 urteko emakumea bakarrik zihoan etxera, Salbatierrabide inguruan, gazte batzuk atzetik zituela ohartu zenean. Une horretan lasterbide bat bilatu zuen, izkin egiten saiatzeko. Hala ere, gazteak harengana iritsi ziren eta une horretan eraso egin zioten. Biktima haiengandik libratzen saiatu zen, eta diru-zorroa edo mugikorra ere eskaini zien, minik egin ez ziezaioten, baina biktimaren arabera ez zuten dirurik nahi. Azaldu duenez,  "aurpegi polit hori lehertu nahi dizugu, putakume", esan zion ustezko erasotzaile batek jipoitzen zuten bitartean. Gazteek alde egin zutenean, emakumeak familiari deitu zion, salaketa jarri zuten eta, ondoren, ospitalera eraman zuten. Biktimak ez du lapurretarik edo sexu-erasorik jasan, baina kolpe ugari ditu gorputzean, Ertzaintzaren aurrean salatu duenez.

Kontzentrazioa

Gure Batan elkarteak elkarretaratzea deitu du gaur, 20:00etan. Elkarretaratzean guztiontzako hiri segurua eskatuko dute. Kontzentrazioa Batan pasealekuaren eta Nieves Canoren arteko izkinan egingo da. "Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorraren alde lan egiten duen elkarte gisa, Ertzaintzari eta Udaltzaingoari eskatzen diegu gertatutakoa ikertzeko eta ustezko errudunak identifikatzeko, horrelako eraso gehiago egin ez ditzaten", eskatu du Gure Batanek.

Alderdien salaketak

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak erasoa gaitzetsi du eta babesa erakutsi dio biktimari, Twitterren kaleratutako mezu batean. Halaber, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, erasoa "indarkeria matxista" izan dela ziurtatu du alkateak, eta "gaitzespen irmoa" adierazi du. Urtaranek esan du Gasteiz hiri "segurua" dela eta era honetako erasoak "salbuespena" direla; hala ere, argi utzi nahi izan du "beti segurua izan den eta askatasun eta berdintasunagatik lanean aritu den hirian" ezin dela onartu matxismoak "emakumeen askatasuna, berdintasuna eta bizitza bera baldintzatzea".

Era berean, delituak migrazioarekin lotzeko zabaldu diren asmoak salatu ditu alkateak. "Ustezko erasotzaileek kanpoko jatorria izateak gisa honetako jarrerak sorraraz ditzake, baina indarkeria matxistatik ez gaitu jatorriak salbatuko, baizik eta berdintasunean eta giza eskubideak bermatzean oinarritutako heziketak baizik", azpimarratu du.

Erasoaren egileek "zigor sendoa" merezi dutela azpimarratu du, eta gisa horretako pertsonak "soberan" daudela esan du alkateak: "Soberan dago besteak errespetatzen ez dituen oro, eta emakumeei, emakume izateagatik, askatasuna eta berdintasuna ukatzen dieten gizonezko guztiak".

Maider Etxebarria alkateordeak ere Twitter bidez salatu du erasoa eta elkartasun osoa erakutsi dio emakumeari. EH Bilduk ere bere "gaitzespen osoa" erakutsi du "horrelako eraso matxisten aurrean", eta elkartasun eta babes osoa erakutsi du erasoa jasan duen emakumearekiko. PPk bere aldetik esan du "oso kezkagarria" dela Gasteizko kaleetan "indarkeria, erasoak eta segurtasunik eza areagotu izana".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago