Judimendiko bizilagunek Elkartasun Txokoa jarri dute martxan

Erredakzioa 2021ko urr. 29a, 11:05

Hiru hilabeteko prestaketa lanen ostean, Elkartasun Txokoa aurkeztu du Judimendiko Batuta sareak, auzoko problematikak eta gatazkak "kolektibizatzeko", eta bizilagunen artean laguntzeko eta elkar zaintzeko.

Ostegun honetan, dozenaka auzokide bildu dira Batuta elkartasun sareak antolatutako asanbladan, Judimendiko Auzo Elkartearen egoitzan. Hilabetero biltzen dira, auzoaren inguruko problematiken inguruan hausnartzeko; azken bilera, gainera, auzokide batek argitaratu berri duen El anglo, el ferrocarril vasco-navarro liburuaren aurkezpena egiteko baliatu dute.

Azken topaketa honen berezitasun nagusia Elkartasun Txokoaren aurkezpena izan da. Auzokideentzako tresna berri bat da, Batuta sareko kideen hitzetan, "elikadura, zaintza, etxebizitza, harremanak eta energia asetzeko zailtasunak modu indibidualean ulertzeko eta sufritzeko joerari aurre egiteko" eta gatazka horiek "kolektibizatzeko" urratsak ematen hasteko. Izan ere, auzoan sortu daitezkeen arazoei begira "laguntzeko eta elkar zaintzeko espazioa" izango da tresna berri hori, "betiere elkartasun horizontalean" oinarrituta.

Elkartasun Txokoa aurkeztuta, eguneroko funtzionamenduaren inguruko eztabaidarako tartea ireki zuten, bizilagunen ekarpenak jasotzeko eta txandetara apuntatzeko aukera eskainiz. 

Batuta elkartasun sareko kideek azaldu dutenez, hiru hilabeteko lanaren fruitua da Elkartasun Txokoa. Horretarako, hainbat eragilerekin bildu dira, tartean Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileekin edo beste auzoetako herri mugimenduekin.

Nolanahi ere, argi utzi nahi izan dute ez direla gizarte zerbitzuetako langileak, bizilagunak baizik: "Euren bizilagunen arazoak konpontzeko eta borrokatzeko prozesuan ondoan egon nahi dute; ez gehiagorik, baina ezta gutxiagorik ere", azpimarratu dute. Txokoaren helburua, beraz, "askotariko problematiken inguruan elkarrekin hausnartzea eta irtenbideak elkarrekin pentsatu eta martxan jartzea" da.

Nola funtzionatuko du Elkartasun Txokoak?

Elkartasun Txokoaren egoitza fisikoa Judimendiko Cola i Goiti kalean egongo da, Auzo Elkartearen lokaletan, ostegunero 17:00etatik 19:00etara. Horrez gain, elkartasuntxokoa@gmail.com helbide elektronikoa eta 641 80 54 58 telefonoa jarri dituzte martxan, auzokideek harremanetan jarri nahiez gero.

Datozen asteetan, tresna horren berri emateko, kartel bat zabalduko dute Judimendiko kale zein saltokietan; lau hizkuntzatan argitaratu dute: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta arabieraz, auzokide guztiengana iristeko asmoz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide