Azkenik, Alde Zaharreko bizilagunen eta Gasteiz Txiki auzo elkartearen eskakizunei erantzungo die Gasteizko Udalak. "Datozen asteetan parkea zabalik izango dugu; irekiera eragozten zuen egoera konponduta dago jada", ziurtatu du gaur Raimundo Ruiz de Escudero Espazio Publikoko zinegotziak.
Horrela, 2014an inauguratutako parkea behin betiko berreskuratuko du auzoak. Izan ere, 2018ko hasieran, fuel tanke bat aurkitu zuten lorategian, Gasteiz Antzokia Eskoriatza Eskibel jauregian kokatzeko proposamena aztertzen ari zirela; ondorioz, Udalak parkea itxi behar izan zuen.
Hiru urte beranduago, aurtengo udan, Zaharraz Harrok parkea berreskuratu zuen. Uztailaren 2an, Alde Zaharreko jai batzordeak auzolanean birgaitu zuen. Zegozkion garbiketa eta egokitzapen lanak egin ondoren, jaietako egitarauaren barruko zenbait ekintza egin zituzten bertan.
Horren ostean, parkea behin betiko irekitzearen aldeko aldarriari eutsi diote auzokideek. Irailean, parkea "berehala" irekitzea eskatu zuen Gasteiz Txiki auzo elkarteak. "Auzoko bizilagunok ez dugu espazio berde honetaz gozatzeko eskubiderik, eta ondo dakigu Alde Zaharrean hain gutxi direla horrelako espazioak. Hau ez da hirigunean berdea eta biodibertsitatea handitzeko modua", salatu zuen elkarteak.
Antza denez, Ruiz de Escudero zinegotziak ziurtatutakoa betetzen bada, parkea berriro zabalik izango da laster, ofizialki eta behin betiko.